Asier Badiola presoa zoriontzeko gutun bidalketa antolatu dute Ondarroan
Gutunak idazteko bi mahai eta argazkiak ateratzeko txoko bat ipiniko dituzte zapatuan, 12:00etatik aurrera, Alamedan.
Asier Badiola Lasarte Indixu euskal preso politiko ondarrutarrak 40 urte beteko ditu zapatuan [irailak 26], eta egun horren harira ekimen berezia antolatu dute Ondarroako Ernai Gazte Antolakundeko kideek. Picassenteko (Valentzia, Herrialde Katalanak) espetxean dagoen herritarra zoriontzeko gutun bidalketa egiteko asmoa dutela agertu dute. “Presoak denbora luzean bisita barik egon dira, eta honako ekintzekin gure babes osoa bidali nahi diegu. Goazen bere ziega elkartasunez eta maitasunez betetzera. Animatu eta hurreratu”.
Zorion eta elkartasun mezuak idatziz ez ezik, argazkiz bidaltzeko aukera ere egongo dela iragarri dute. “Gutunez gain, argazkiak ere aterako ditugu momentuan bertan argazkiak inprimatzen dituen kamera bategaz. Argazki horiek guztiak ere helaraziko dizkiogu”. Zapatuan bertan ipini dute hitzordua. 12:00etan hasita, Alamedara bertaratzen direnek gutunak idatzi eta argazkiak ateratzeko aukera izango dute. “14:00-14:30ak arte bertan egoteko asmoa dugu”.
Osasun protokoloa zorrotz betetze aldera, gutunak idazten egoteko bi mahai ipiniko dituzte Alamedan. “Gure asmoa mahai bakoitzean gehienez ere bi lagun batzea da; izkina bakoitzean bat eseriko da. Gutunak idazteko materiala hantxe egongo da, baina jende pilaketak saiheste aldera gutun luzeagoa idazteko asmoa dutenei etxetik idatzita ekartzeko eskatu nahi diegu. Denak bidaltzeaz gu arduratuko gara”.