Kepa Agirre Lekeitioko abadea agurtzeko meza ospatuko dute domekan
76 urte beteta jubilatzeko garaia ailegatu zaio Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratzea elizako abadeari.

Kepa Agirre Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratzea elizako abadea jubilatzen dela eta, haren omenezko elizkizun berezia egingo da domekan [irailak 27], 11:00etan, Lekeitioko basilikan. Jose Agustin Maiz Alkorta bikarioak hartuko du Agirreren lekukoa, bera ere ondarrutarra, eta elizkizuna Agirreren agurrekoa, eta aldi berean, Maizen aurkezpenekoa izango da. On Mario Izeta Gabikagoxeaskoa Bilboko Gotzaina ere egongo da elizkizunean.
Pandemiaren aurreko segurtasun neurriak bermatuta egongo direla esan dute: jende kopurua zainduta egongo da eta guneak zintekin adierazita egongo dira besteak beste.
Hemeretzi urte egin ditu Kepa Agirrek Lekeitioko parroko; 2001eko irailaren 16an hasi zen, Santa Eufemi egunez, eta 76 urte beteta jubilatzeko garaia ailegatu zaio, baina agurtu orduko eskerrak eman nahi izan dizkie lekeitiarrei: “Lekeitiori eskerrak eman nahi dizkiot hemeretzi urte hauengatik. Nahiz eta dena denen gustura ez nuen egingo, inori kalte egiterik ez dut nahi izan, eta borondate onez eskerrak eman nahi dizkiot herriari, euren babesa eta harreman maitetsua sentitu ditudalako”.
47 urte. Agirre 1973 urtean egin zen abade. Ondarroan egon zen, Berriatuaz arduratu zen, 10 urte egin zituen Durangon parroko eta Arratira joan zen ondoren, Lemona, Bedia eta Dimaz arduratzeko. Handik etorri zen Lekeitiora, eta bertan egin du denbora gehien abade modura. “Nire gauzetara aritu, egon diren alde bateko eta besteko udalekin ondo ulertu eta beti herriaren onari begira egotea izan da nire helburua”.
Azken urteetan beste eliz mota bat egon dela azaldu du Agirrek, kultura alderditik aldatuta eta aldatzen, gisa maila jasoagokoa. Lehengoak gaur egunerako ez duela balio dio. “Zer edo zergatik esan zuen Jesusek gatza izateko. Gatzak ez du usteltzen uzten eta zaporea ematen dio bizitzari. Bizitza erreka bat da eta gelditzen bada erreka hori usteltzen dira urak, eta bertan dauden arraintxoak hiltzen dira. Hori irudi polita da, eta hori egin behar da”. Gauzarik sakratuena pertsona dela nabarmendu du Agirrek.
Jubilatuko bada ere, Lekeitiok bere bizilekua izaten jarraituko du. Ahal duen neurrian abade berriari lagunduko diola azaldu du. “Ahal dena ematen, herriaren onerako”.