Adinekoen ikuspegitik Ondarroa nola dagoen aztertzen ari dira
Ondarroako Udalak eta Matia Fundazioak Ondarru Lagunkoia ekimena abiarazi dute, adinekoek eta, oro har, ondarrutarrek herria hobetzen parte hartzeko. Astelehenean hasi ziren telefono bidezko inkestak egiten.
Ondarru Lagunkoia izenburupean, Ondarroako Udala diagnostiko bat egiten hasi zen astelehenean [irailak 21], 65 urtetik gorako herritarrek herria nola ikusten duten ezagutzeko. Inkestak paperean eta telefono bidez ari dira egiten, eta urriaren erdialdera arte egigno dituztela esan dute. “Ondarrutarrek herria hobetzen parte hartzea nahi dugu, zahartu ahala nork bere bizimodua edukitzen jarraitu ahal izateko”.
Udalak eta Matia Fundazioa ari dira elkarlanean proiektua egiten. “Helburua da 65 urteko ondarrutarrek herriarekiko daukaten ikuspegia ezagutzea, eta horrekin ondorioak ateratzea”. Telefono bidezko inkesten kasuan, zehaztu dute adineko herritar batzuek Ondarroako Udalaren izenean dei bat jasoko dutela, eta galdera batzuk egingo zaizkiela. “Besteak beste, ondoko gaiei buruz galdetuko zaie: irisgarritasuna, trafikoa, segurtasuna, gizarte laguntza, garraioa, aisialdia eta azpiegiturak”.
Inprimaki bidezko inkestei dagokienez, inkestak ondoko lekutan daudela eskuragarri esan dute: Antiguako Ama eta Artibai egoitzetan, Eguneko Zentroan eta Etxelilan. Ongizate Batzordeko kideek diote “oso garrantzitsua” dela nagusien iritzia jakitea, hortik abiatuta erabakiko dutelako zer proiektu gauzatu: “Euren ikuspegiaz jabetu behar gara. Guk ez ditugu hutsune asko ikusten, eta eurek bai. Beraien betaurrekoak jantzi behar ditugu”.
Esan dutenez, bizitza aktiboa eta autonomoa izaten jarraitzeko, beharrezkoa da hiri diseinua lagunkoia izatea, segurtasuna bermatzea eta etxeko inguruneak egokitzea. “Zahartze aktiboa lortzeko beste pauso bat da proiektua. Adinekoekin lagunkoiagoa den Ondarroa egin behar dugu”.