Lekeitioko AEK-ko ikasleek euskaltegi berritua estreinatuko dute ikasturte honetan
Lekeitioko euskaltegiko obrak amaitu ditu AEK-k. Lokal guztia eraberritu dute, eta ikasleak hartzeko prest daude.
Lekeitioko Udalagaz akordu batera ailegatu ondoren, Atea kalean dagoen euskaltegia eraberritu du AEK-k, eta hilabeteetako egokitze lanen ostean, azken ikutuak ematea besterik ez zaie falta ikasturte berriari ingurune berrituan ekiteko.
Aspaldiko eskaera bati erantzun dio AEK-k egindako berrikuntzak. Euskaltegiak urte asko darama Atea kaleko udalaren lokaletan, baina lekuak ez zituen behar bezalako baldintzak betetzen. “Aspalditik ari ginen euskaltegia berritzea eskatuz, eta orain dela zortzi bat urte HABEk ere euskaltegiaren baldintzak ez zirela egokiak esan zigun. Egoera horri erantzun nahirik udalagaz berba egin genuen eta lokal berriak ikusten hasi ginen”, azaldu dute.
Baina, arrazoi bat edo beste atzeratzen joan zen arazoa. “Gobernu aldaketa eman zen udalean eta berriro leku bila hasi ginen, baina ez genuen egokirik aurkitzen. Hitzarmen bat sinatuta geneukan udalagaz, baina ez da aurkitu udalak ordaindu zezakeen eta euskaltegirako tamaina nahikoa zeukan lokalik. Orduan, ordenamendua aldatu eta Atea kaleko euskaltegiko lokalak egokitzeko aukera sortu zen, baina udalak ez zuen horretarako dirurik”.
Lokal duin baten beharra zeukatela argi zegoenez, apustua egitea erabaki zuen AEK-k, eta udalagaz akordu batera iritsi ziren: Udalak lokala utzi die, 15 urterako hitzarmena sinatuta, eta AEK-k bere gain hartu ditu lokala berritzeko lanak.”Lokalaren baldintzak ez ziren gutxienekoetara ere heltzen, eta ikasteko eta lan egiteko baldintzak ez ziren batere duinak, beraz AEK-ren urgentziazko berritze planetan sartu ginen”.
Lekeition baldintza oneko euskaltegi bat egoteko ahalegin handia egin dela nabarmendu dute, eta hori guztia herritarrek Korrika bezalako ekimenetan egiten duten ekarpenari esker dela azpimarratu dute: “Herriak eman duen dirua herrira itzultzen da, euskara ikasi nahi duenak leku duin bat izateko. Ematen den horrek, baditu gero bere fruituak”.
Aldaketak. Lokal guztia eraberritu dute; etxebizitza bi ziren eta biak batu dituzte gela argitsu eta erosoagoak sortuz. Horrela, hiru ikasgela, harrera eta bi bainugela dituzte orain, euretako bat egokituta, eta irisgarritasun neurri guztiak betetzen ditu euskaltegiak. Sarrera ere aldatu dute, “ezkutuan barik herriari zabalik” egon nahi dutelako, eta udalak bere gain hartu dituela esan dute aldaparen ordainketa eta proiektua egiteko kontratazioa.
Ahalegin hori guztiori eginda euskaltegia betetzea besterik ez zaie falta. Matrikulazioa zabalik dauka AEK-k eta titulazio guztiak eskuratzeko eta euskalduntzeko eskolak emateko prest daude, 0 urratsetik hasita, maila ezberdinak. Horrez gain beste ekimen batzuk ere burutzen dituzte, Berbalagun proiektua besteak beste.
Dena prest daukatenean, inaugurazio txiki bat egingo dutela aurreratu dute, euskaltegi berritua erakusteko. “Gurea da, baina herriarena ere bai; euskalgintzaren topagune bat izango da”.