Roberto Moreno: "Protesia duela aste eta erdi jarri zidaten, eta azkar igarri ditut onurak"
300 lagunek baino gehiagok egin duten ekarpenari esker, teknologiarik aurreratuena daraman hankako protesia lortu ahal izan du ondarrutarrak.
Protesi berria lortzeko diru bilketan zenbat diru lortu zen?
Hasierako helburua 80.000 euro lortzea bazen ere, ia 40.000 euro batu dira; horri esker, lehendik nuen protesia aldatzeko aukera eduki dut.
Kanpaina, gainera, arrakastatsua izan da.
300 lagun baino gehiagok egin dute ekarpena. Horiei guztiei eskerrak eman nahiko nieke. Niretzako garrantzitsua izan da makuluak alde batera utzi, eta era autonomo batean oinez egiten hasi naizela ikustea. Kanpainan era batera edo bestera parte hartu dutenen laguntzari esker izan ez balitz, hau guztia ez litzateke posible izango.
Zelako protesia ipini dizute?
Merkatura irten duen azken modeloetako bat da, eta helburu modura ipinita neukan modeloaren antzeko ezaugarriak ditu. Egia esan, ez dago alde handirik. Hau, baina, ezin da busti. Protesia duela aste eta erdi jarri zidaten, eta azkar igarri ditut onurak. Lehen bi makulu behar nituen, eta orain bastoi bakarragaz ibiltzeko gai naiz. Orain bizkarra ere zuzenago daramat eta pausoa ere ganoraz ematen hasita nago. Esan didatenez, aurreko protesia txarto eginda zegoen, horren eraginez, urte eta erdiz aldakako minagaz egon naiz. 3 zentimetro falta zitzaizkion, lerrokatzea ere txarto eginda zuen eta ahokadura ere ez zegoen ondo eginda.
Zer abantaila ditu oraingoak?
Teknologia aldetik oso aurreratua da, eta horri esker, egunerokoan oso lagungarriak diren hainbat abantaila eskaintzen ditu. Jarrita bazaude igotzeko eta biratzeko aukera eskaintzen du, esaterako. Protesiak, gainera, bateria bat darama, eta hainbat sensorez hornituta dago. Egia esan, segurtasun gehiago ematen dit. Lehen erori eta min hartzeko beldurrez egoten nintzen, baina duen teknologiari esker, blokeatu egiten da eta jaustea eragozten du. Mugikorreko aplikazio baten laguntzagaz, gainera, zer jarduera egitera noan aukeratu ahal dut.
Oraindik baina, bide luzea duzu egiteko, ezta?
Protesi berrira ohitzen ari naiz. Oraindik ere errehabilitazio saio ugari egitea falta zait. Denetara, bi hilabete inguru egingo ditut Madrilgo zentro batean. Hori bai, saioak ez ditut jarraian egingo: aste bat Madrilen egingo dut Madrilen eta bi etxean. Lehen, esaterako, gorputzaren enborragaz egiten nuen indarra, eta orain hankak indartu beharko ditut.Saio horiei esker, oinez era autonomoan zelan egin eta gorputza hobeto orekatzen ikasiko dut, besteak beste.
Zelan doaz errehabilitazio saio horiek?
Gustura nabil. Gutxika, baina erritmo onean goazela esango nuke. Orain momentuan ez naiz abiadura handian mugitzen, baina pixkanaka joango gara hori ere hobetzen. Laster kirol diziplina ezberdinak probatzeko aukera izango dut, eta horrek asko motibatzen nau.