Urriaren 2ra arte eman daiteke izena Mutrikuko Pala Txapelketan
Izen ematea telefonoz edo Whatsapp mezu bat bidalita egin beharko da nahitaez. Dagoeneko 28 bikotek eman dute izena txapelketan.
Danok Bat Pelotazale Elkarteak antolatuta eta Mutrikuko Udalak lagunduta, aurten ere Mutrikuko Pala Txapelketa jokatuko dute Miruiatz frontoian. Parte hartzeko interesa dutenek urriaren 2a aurretik eman beharko dute izena. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, izen ematea telefonoz edo Whatsapp mezu bat bidalita egin beharko da nahitaez. Honako telefono zenbakietara deitu edo idatzi beharko da: 617 723 456, 943-60 41 91 edo 634 426 588.
Izena ematerako orduan 45 euro ordaindu beharko dira bikoteko, eta gogorarazi dutenez, 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Danok Bat elkarteko kideek aurreratu dutenez, dagoeneko 28 bikotek eman dute izena txapelketan. “Parte hartzeko interesa espero baino jende gehiagok agertu du”.
Funtzionamenduari dagokionez, aurten ere hiru mailatan banatuta jokatuko dute. Hori bai, maila bakoitzeko berdintasuna bermatzeko asmoarekin, bikoteen mailaren araberako aldaketak egin ditzazkete antolatzaileek. Lehen jardunaldia urriaren 12an jokatuko dute, eta osasun protokoloa zorrotz beteko dutela ere jakinarazi dute. “Besteak beste, jokalariei tenperatura hartuko diegu, eskuak garbitu beharko dira eta materiala ere desinfektatu egin beharko da”. Urtero modura, ligaxka bat jokatuko dute lehendabizi, eta ondoren azken fasea jokatutako dute sailkapen taulako aurrenekoek.