Mutrikuko Turismo Bulegoan jaso beharko dira asteburuko ekitaldi kulturaletako gonbidapenak
Pink Unicorns ikuskizunerako eta Nazioarteko V. Flysch Organo Jaialdiko kontzerturako doako gonbidapenak Turismo Bulegoan egongo dira eskuragarri martitzenetik [irailak 29] aurrera.
Eskaintza kultural oparoarekin gozatzeko aukera egongo da Mutrikun urriko lehen asteburuan. Barikuan [urriak 2], esaterako, dantza eta antzerkia uztartzen dituen Pink Unicorns ikuskizunarekin gozatzeko aukera egongo da eta domekan [urriak 4], aldiz, Nazioarteko V. Flysch Organo Jaialdiko kontzertu bat hartuko du udalerriak. Udal iturriek azpimarratu dutenez, aforo mugatua egongo da bi ikuskizunetan, hori dela eta, sarrerak aldez aurretik hartuta joatea gomendatu dute. Doako gonbidapenak martitzenetik [irailak 29] aurrera egongo dira eskuragarri Turismo Bulegoan.
Dantza eta antzerkia uztartzen dituen Pink Unicorns ikuskizuna 19:00etan hasiko da Zabiel Plazan. Hori bai, euria ari badu, ekintza frontoian egingo dutela aurreratu dute. La Macana konpainiak Samir Akikaren lankidetzarekin sortutako lan berria Ipar Eszena deituriko proiektuaren parte da. Galizia, Asturias, Kantabria eta euskal lurraldeen arteko elkartruke kulturalerako proiektua da. “Lurralde horietako konpainia ezberdinek parte hartzen dute”. Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiko kontzertua entzutera joan nahi dutenek parrokira hurreratu beharko dute. 20:00etan jarri dute hitzordua. Miriam Cepeda organoan eta Luis Alberto Requejo klarinetean batuko ditu kontzertuak.