Mutrikun egingo duten 'Zuhaitz bat irudikatu' tailerrean izena emateko epea zabaldu dute
Tailerrean parte hartzeko interesa dutenek urriraren 9a orduko eman beharko dute izena liburutegian bertan edo mutrikuliburutegia2@gmail.com helbidera posta elektroniko bat bidalita.
Mutrikuko udal liburutegiak ikasturteko lehen ekintza antolatu du. Zehaztu dutenez, urriaren 17an Zuhaitz bat irudikatu familia tailerra egingo dute eta bertan izena emateko epea zabalik dago. Tailerrean parte hartzeko interesa dutenek urriraren 9a orduko eman beharko dute izena liburutegian bertan edo mutrikuliburutegia2@gmail.com helbidera posta elektroniko bat bidalita. Beharrezkoak diren segurtasun neurri guztiak hartuko dituztela iragarri dute antolatzaileek, eta ohartarazi dutenez, aforo mugatua egongo da.
Familia tailerra, gainera, Liburutegien Nazioarteko Eguna ospatzeko ekintza izango dela esan dute udal liburutegiko iturriek. “Apirilean ezin izan genuen behar den bezala ospatu Liburuaren Nazioarteko Eguna, baina orain bai, orain Liburutegiaren Eguna ospatuko dugu hain berezia den ekintza honekin”.
Ekintza 3 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta dagoela aurreratu dute. “Nahitaezkoa izango da hiru haur bakoitzeko guraso edo ardurdadun bat egotea”. Eta ordu eta laurdeneko bi saio eskainiko dituzte. Lehen taldea 11:00etatik 12:15era batuko da, eta bigarren taldea, aldiz, 12:30etik 13:45era.
Detalleres taldeak zuzenduko du familia tailerra, eta Bruno Munariren Dibujar un arbol liburuan oinarritzen da. “Munariren moduluaren eta egituraren metodologiak aplikatzen ditugu, eta banakako eta taldeko joko eraikitzailearen bidez atzematen ditugu”. Tailerraren helburua haurren, artearen eta liburuen arteko topagunea kokatzea dela esan dute. “Tresna berriekin adierazpen berezia eta lankidetzakoa garatuko dira. Jolasaren bidez jakin-min naturala pizten saiatzen gara: esploratzen, ikasten eta gozatuz”.