Ondarroako Gaztelekua erabiltzeko izena eman beharko da nahitaez
Urriaren 3an eta 4an egongo da horretarako aukera. Aisialdia ahal denik eta modu seguruenean bermatzeko nahiagaz, burbuila taldeak sortuko dituztela iragarri dute.
Errebala Txikiñe Gaztelekua egoera berrira moldatuta eta protokolo eta funtzionamendu berriekin irekitzeko asmoa agertu du Ondarroako Udalak. Gaztelekuak aurrerantzean ere herriko gazteen topaleku izaten jarraituko du asteburuetan. Hori bai, aurten zerbitzua erabiltzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dutela azpimarratu dute udal iturriek. Izen ematea urriaren 3an eta 4an egin beharko da, Gaztelekuan bertan. “Erabiltzaile izateko derrigorrezkoa izango da izena egun horietan ematea”.
Laster hasiko dute ikasturte berria, baina protokolo eta funtzionamendu berriak eta higiene arauak bete beharko direla gogorarazi dute. Aisialdia ahal denik eta modu seguruenean bermatzeko nahiagaz, besteak beste, burbuila taldeak sortuko dituztela iragarri dute. Hasiera batean, DBH1 eta 2ko taldeak eta DBH3 eta 4koak elkarrengandik bereiziko dituzte. Txandaka erabiliko dute zerbitzua, eta hamabostero aldatzen joango dira. “Asteburu bakoitzean Gaztelekuan egon direnak zeintzuk izan diren jakiteko, eta zerbait gertatuz gero azkar batean protokoloak martxan ipini ahal izateko, izen-abizenak eta telefono zenbaki bat eskatuko zaizkie erabiltzaileei. Modu berean, norbaitek izena eman badu, eta arrazoiren batengatik Gaztelekura ez badoa, abisatu egin beharko die hezitzaileei”.
Protokoloari dagokionez, sartu aurretik eta irtetzerakoan eskuak garbitu beharko dira. Erabiltzaileei, gainera, tenperatura hartuko diete sarreran eta maskara soinean eramatea derrigorrezkoa izango da. “Gazteak euren aisialdiagaz ahalik eta modu seguruenean gozatzea da gure asmoa, eta horretarako ezarri ditugu neurri hauek”, azaldu du Eneritz Basurko Pagoaga Hezkuntza batzordeburuak.
Ezarritako neurri guztiak betetzea oso garrantzitsua dela ohartarazi dute. “Kontuan hartu behar da herriko ikastetxe desberdinetako ikasleak batzen direla Gaztelekuan, eta horrek segurtasun neurriak handitzea eskatzen du, gero ikastetxeetan gorabeherarik ez egoteko”. Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak hezkuntza zentro guztiei eskatzen dien modura, gainera, Gaztelekuan ere COVID-19 gela bat ere egongo dela esan dute, “zerbait gertatuz gero protokoloa zehatz jarraitzeko”.