Ander Ocamikak bosgarren egin du Alacanteko itzulian
Lekeitiarra sailkapen nagusiko liderra zen, baina erorketa baten ondorioz lehen postua galdu zuen azken egunean.
Ander Okamika Bengoetxea lekeitiarrak bosgarren postuan amaitu du joan den asteburuan lehiatu den Alacanteko (Valentzia) txirrindulari itzulia. Sailkapen orokorraren buru izan zen lekeitiarra, baina azken egunean, Ibitik Sant Vicent del Raspeigerako bidean erori eta lidergoa galdu zuen.
La Nucian hasi zen barikuan [irailak 25] Alacanteko 24. itzulia, eta lehen egun horretatik jarri zen Okamika (Netllar) sailkapenaren gorenean. 3 ordu 36 minutu eta 34 segundoko denbora eginez osatu zuen 134 kilometrotako ibilbidea, maillot horiaren jabe eginez. Beste hiru txirrindularigaz batera ailegatu zen helmugara, eta esprintean lortu zuen garaipena.
Zapatuan [irailak 26] lehiatu zen bigarren etapa, Busoten hasi eta amaitu zen erlojupekoa. Abner Alejandro (Telco’m) izan zen nagusi, eta garailearengandik lau segundo pasatxora heldu zen Okamina, bere lidergotza mantentzea lortuz.
Aukera handiak zituen Okamikak itzuliagaz egiteko, baina, domekan [irailak 27] lehiatu zen azken etapan ez zuen zorterik izan. Erorketaren ondorioz, bosgarren posturaino jaitsi zen lekeitiarra. Felipe Orts Alacanteko txirrindulariak irabazi zuen itzulia.