Artedramak emandakoagaz pozik daude antolatzaileak
Topaketaren balorazio positiboa egin dute Artedramaren kideek. Hurrengo edizioa "sortzen eta pentsatzen hasteko indartuta" daudela azpimarratu du Ander Lipusek.
Urtero udaberrian eman ohi duen loratze hori, udazkenean ekarri du aurten Artedrama Euskal Laborategiak. Aste oparoa igarota, balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. Asko eman dio Aulestiri, eta utzi ere asko egin du udalerrian. Sormenez beteriko arrastoa utzi du, eta datorren urtean, ohiko egutegia betez, Pazko Astean bueltatzeko esperantza daukate.
Arte eszenikoen egutegian egonkortu den hitzordua da Artedrama eta azken urteotan aretoak eta frontoiak jendez gainezka ikustera ohituta zeuden. Oraingoan, %60ko gehienezko aforora mugatu beharra eduki dute, eta hori ere bete dute. “Zorionez dena joan da oso ondo. Protokoloa betetzera derrigortuta egon gara, eta egia esan, jendeak oso ondo ulertu du egoera arraro batean gaudela. Udaletxean zein frontoian egon diren ekitaldietan %60 hori beteta egon da”, azaldu du Ander Lipus Artedramaren kideak. Azken orduan aldaketa bakarra egin behar izan zuten eguraldiak baldintzatuta. Eguenean Iruzubi Lasaigunean eskaintzekoak ziren Tabernaria baina euriaren eraginez, udal aretoan babestuta gozatu zuten emanaldiaz.
Emanaldi guztiek harrera ona eduki dutela azpimarratu du: “Zer esanik ez, gu gure aldetik pozik egoteko moduan gaude. Pena amaitutakoan, ospakizunerako betarik ez dugula eduki, baina garaiak hala exijitzen du, eta txintxo-txintxo egin dugu lana, eta behintzat jendeari erakutsi diogu zentzuz jokatuz teatroa eskaini daitekeela, teatroan aritu ahal garela lanean. Eta horrekin jarraituko dugu orain”.
Ia sei hilabete pasatu dituzte agertokietara igo barik: “Etxeko lanak egiten aritu gara, baina hori oso gogorra izan da guretzat, eta galerak ekarri ditu”. Martxoko etenaren ostean, Zaldi Urdinaren lehen emanaldia zapatuan egin zuten. Hala, beste behin Lipusek berak antolatzaile moduan ez ezik oholtza gainetik ere sentitu du topaketaren magia: “Arraroa da, baina nahiz distantzi horiek markatu jendea bildu zen. Jendea gogotsu etorri zen antzerkira, eta bukaerako txalo zaparradetan jendearen erantzuna sentitu genuen”.
Aulestiko topaketa amaituta, Zaldi Urdinaren biran buru-belarri ariko dira urte amaiera arte: “Zorionez hemendik aurrera emanaldi gehiago edukiko ditugu. Asteburuak beteta ditugu, Euskal Herriko beste plaza batzuk betetzen ariko gara. Hori da gure lana, eta horrek betetzen gaitu. Bira potolo bat daukagu udazkenean, eta otsailean obra berri bat estreinatzen dugu. Guk lanean jarraitu nahi dugu, eta argi dago publikoa dagoen bitartean, eta administrazioaren, herritarren eta programatzaileen aldetik gogo bera sentitzen bada, askoz hobea eta osasuntsuagoa izango dela gure kulturarentzat eta denontzat”.
Ander Lipus: “Jendeari erakutsi diogu zentzuz jokatuz teatroa eskaini daitekeela”
Aurten bereziki udalaren eta herritarren inplikazioa “oso-oso sakona” izan dela nabarmendu du markina-xemeindarrak: “Gurekin lanean zaintza hori aurrera eramaten aritu dira. Nahiz eta edizio berezia izan eta pandemiak eraginda pixka bat arraroa, oso-oso pozik egoteko moduan gaude. Eta ez da inongo gauza arrarorik gertatu. Pozik gaude eta indartuta hamaseigarrena sortzen eta pentsatzen hasteko, eta datorren urteko Pazko Astean berriro etortzeko”. Espero dute orduan beste egoera batean egotea, eta hala ez bada, behintzat eskarmentua badaukate, eta badakite nola jokatu behar duten, nola egin behar duten. “Gure ofizioa eszenatoki gainean egotea da, eta formakuntza ikastaroak aparte, guzti hori bete ahal izan dugu. Artedramatik oso pozik gaude bertan behera uztea okerragoa izango zelako denontzako, bai Aulestiko herritarrentzako, teatroaz gozatzen dutenentzako eta guretzako”.
Ikastaroetan ere gustura. Hain zuzen ere, astelehenetik barikura, Lea Espazioan eman zituzten ikastaroak, eta beste urte batez Lipus bera aritu da irakasle lanetan: “Gure ofizioan ibili gara lanean, gustura eta oso talde jatorra eduki dugu. Ikasleak oso gustura egon dira emandako ikastaroekin eta irakasleekin. Zentzu horretan nahikoa normaltasunez eraman dugu pandemiaren istorio hau. Lea Espazioa lan egiteko uzten digu herriko familia batek, eta eskertzekoa da. Espazio oso atsegina da”.
Ikastaroetarako zein emanaldietarako daukaten udalaren, herritarren eta herriko negozioen laguntza eskertu du: “Ikasleak Ubilla Aterpetxean egoten dira, eta hor ere oso babestuak sentitu gara. Ilunzar tabernan antzerki taldeak eta afariak egiten dituzte eta han ere oso babestuak gaude. Esan nahi duguna da udalaren atzean herri bat ere badagoela, eta herritarrak ere oso inplikatuta daudela”. Hori ezinbestekoa dute: “Guk antolatzen dugu, guk eramaten dugu dinamika, baina herritarrak ere dinamika horren parte izan behar dira, eta kasu honetan, Aulestin hori ematen da”. Lipusen berbetan, horrek lana errazten die eta zentzua ematen dio eurek egiten dutenari: “Herritarrekin harreman hori edukitzea oso pozgarria da guretzat. Aulesti herri txiki bat da, eta bat-batean handi bilakatzen da. Handi bere zentzu zabalenean. Adibidez, ikasle, irakasleak eta publikoa Euskal Herriko bazter guztietatik etortzen dira bertara, eta horrek zentzu zabalago bat ematen dio. Gure antzerkiaren irla txiki honi beste nortasun bat ematen dio. Aurten, adibidez, Azkaingo lagun batzuk etorri dira antzerkia ikustera”.