Mundu Zabal elkarteak Kolonbiako birziklatzaileen bizi baldintzak hobetzeko programa laguntzen jarraituko du
50.000 euro bideratuko dituzte Mundukide Kolonbiako Pasto hirian gauzatzen ari den programara.
COVID-19ak eragindako “normaltasun berrira” egokitu ondoren, aurtengo erabakien berri eman du Markina- Xemeingo Mundu Zabal gobernuz kanpoko erakundeak. Namunoko proiektuagaz amaitu ondoren, Mundukidegaz 2019an hartutako konpromisoagaz jarraituko dutela jakitera eman dute. Hau da, hiru urtetan 50.000 euro bideratuko dituzte Mundukide Kolonbiako Pasto hirian gauzatzen ari den programara. 2019an 23.400 euro lortu zituzten proiekturako.
Coemprender kooperatiba sendotzen laguntzeko programa dauka abian Mundukidek, Pasto hiriko birziklatzaileen bizi baldintzak hobetzeko. 456 emakume eta 119 gizonen bizi baldintzak hobetzea dute helburu, haien prestakuntza, aholkularitza eta saretze lanak indartuz.
Bestalde, denda solidarioaren eta bigarren eskuko gauzen harrera etetea erabaki du elkarteak, denda irekitzeko eta mantentzeko gero eta zailtasun handiagoak izaten ari zirelako.
Elkartearen zuzendaritza batzordea ere berritu dute. Lehendakaria, orain, Nere Totorikaguena da; idazkaria, Inmakulada Maiztegi; diruzaina, Liborio Ugarte eta batzordekideak, Fatima BarruetabeƱa, Javier San Martin eta Belen Espilla dira. “Zuzendaritza Batzorde berritik gure esker ona adierazi nahi diegu Maite eta Javier Garciari urte hauetan guztietan egindako lanagatik. Etapa berri honetan ere euren esperientzia eta aholkularitza izatea espero dugu”, adierazi dute.
Pandemia gizartean eta erakundeetan eragiten ari den ziurgabetasun egoeraren jakitun direla esan dute, eta ez dela erraza horren urrun garatzen diren proiektuetarako elkartasun deiei erantzutea. “Hala ere, gure laguntza hartuko dutenek dituzten egunez eguneko gabeziek, Mundu Zabalek proiektuagaz jarraitzea justifikatzen duela uste dugu”.
Amaierarik gabeko elkartasuna. 20 urte igaro dira Munduzabal sortu zenetik eta urte guzti horietan asko izan dira lagundu dituzten proiektuak. Elkarteak zehaztu duenez, 20 urteetan 970.000 euro bildu ditu elkarteak, eta kopuru hori 42 proiektu laguntzera bideratu dute, bai zuzenean zein Mundukidek kudeatutako proiektuen bidez. “Inbertitutako euro bakoitzeko 2,5 euro lortu dituzte proiektuen onuradunek. Esan dezakegu 75.000 pertsonek jaso dutela laguntza, bizitza duinago bat lortu eta etorkizunari itxaropenez begiratzeko”.
Hori guztiori pertsona eta entitate askoren lankidetzari esker lortu dutela azpimarratu dute, eta aipamen berezia egin diete Maite eta Javier Garcia Mundu Zabal proiektuaren sortzaileei: “haien adore eta dedikaziorik barik nekez iritsiko ginen gaur gauden tokira”.