Ondarroako euskara ikasleentzako diru laguntzen deialdia zabalik dago
Eskaerak Udal Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, urriaren 9a baino lehen.
Ondarroan erroldatuta dauden eta 2018-2019 ikasturtean euskara ikastaroak egin zituzten ikasleei diru laguntzak emango dizkie Ondarroako Udalak. Zehaztu dutenez, euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak eta, Udako Euskal Unibertsitateak nahiz Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako ikastaroak egin zituztenak izango dira onuradunak. “Deialdi honetatik kanpo geratuko dira IRALE egitarauko ikastaroak eta IVAPek antolatutakoak”. Laguntzak eskatzeko epea urriaren 9ra arte zabalik dagoela iragarri dute.
Eskaerak Udal Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etarako tartean. Interesdunek behar bezala beteta aurkeztu beharko dituzte diru laguntzaren eskabidea eta eskatutako dokumentazioa. Nahi dutenek Internet bidez ere bidali dezakete dokumentazioa, orokorra@ondarroa.eus posta elektronikora idatzita.
Euskara ikastaroetako matrikula gastuak arintzeko diru laguntza jaso nahi dituztenek baldintza batzuk bete beharko dituzte nahitaez. Besteak beste, gutxieneko asistentzia %80koa dela ziurtatu beharko da. Hori dela eta, ikaslearen asistentzia portzentajea azaltzen duen euskaltegiaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute eskatzaileek, matrikularen ordainagiriagaz batera.
Urteko diru sarrera eta ikasketa mailaren arabera, laguntza desberdinak emango ditu udalak. Europako Errefentzia Markoaren A2 maila arteko ikastaroak egiteagatik %100eko dirulaguntza emango dute. Ikasturtean langabezian egon direnek, berriz, ordaindutakoaren %80a jasoko dute bueltan. Oinarrizko errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntza jasotzen duten eskatzaileei eta pentsiodunei, 0-12 urte bitarteko seme-alabak dituztenei eta familia ugariko titularrei ere irizpide bera ezarriko diete. “Aurreko dirulaguntza motetatik kanpo geratzen den ikasle orori, ordaindutakoaren %40rainoko laguntza eman ahalko zaio”.
Deialdi berean euskara alorreko beste diru laguntza batzuk ere ezagutara eman ditu udalak. Euskara sustatzeko eta ekonomia jardueretan euskararen erabilera sustatzeagatiko diru laguntzak ere emango dituzte, B mailako gidabaimena euskaraz ateratzeko matrikula arintzeko laguntzagaz batera. Azken kasuan, esaterako, eskatzaileek Ondarroan erroldatuta egon beharko dute eta euskaraz egindako azterketa teorikoa gaindituta eduki beharko dute. “Dirulaguntza matrikula ordaintzeko izango da, eta ez azterketaren tasak ordaintzeko”. Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek matrikularen %75a jaso ahal izango dute, 150 euro gehienez.