Sarrerak agortuta, 'Mi pequeño gran samurai' filmaren beste emanaldi bat eskainiko dute
Laugarren emanaldia 18:00etan eskainiko dute. Doako gonbidapenak, aurrekoan modura, Turismo Bulegoan egongo dira eskuragarri.
Ekai Lersundi Martinez ondarrutar gaztearen bizitzari buruzko Mi pequeño gran samurai film dokumental laburra Ondarroako Bide Onera zinema aretoan proiektatuko dute estreinako urriaren 10ean. Lersundiren hurrekoek azaldu dutenez, aurrez iragarritako hiru emanaldiek erantzun bikaina eduki dute. 19:00, 20:00 eta 21:00etako emanaldietako doako gonbidapen guztiak agortu dira, eta hori dela eta, beste saio bat gehitzea erabaki dute; 18:00etan izango da proiekzioa. “Gonbidapen guztiak agortu dira, eta inor filma ikusi barik gelditzea ez dugunez nahi, beste saio bat eskainiko dugu”.
Film dokumentala ikustera joateko aldez aurretik doako gonbidapena jaso beharko da nahitaez. Gonbidapenak, aurrekoan modura, urriaren 8ra arte Turismo Bulegoan egongo dira eskuragarri. Turismo Bulegoa martitzenetik domekara bitartean zabalik dago, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
COVID-19aren eraginez ezarri diren distantzia eta garbitasun neurri guztiak bermatuta egongo direla gogorarazi dute antolatzeek. Saio bakoitzean gehienezko aforoa 150 lagunekoa izango da, eta gonbidatuen jarlekuak izendatutako egongo direla esan dute. Batera bizi diren familia unitateek batera esertzeko aukera ere edukiko dute. “Txartelak jasotzeko garaian etxebizitza bereko zenbat lagun joango diren galdetuko dute, eta guk horren arabera antolatuko ditugu aretoko aulkiak”. Pilaketak saihestu aldera ateak ordu erdi lehenago zabalduko dituzte, eta sarreran eta irteeran ere distantziak mantendu beharko dira.
Arantza Ibarra zinemagile ondarrutarrak zuzendutako film labur dokumentalak, gainera, nazioartean bidea egiten jarraitzen du. Urriaren 16tik 24ra egingo den Hannovergo (Alemania) Perlen Queer Film Jaialdiko sail ofizialean parte hartzeko aukeratu dute zinta. Pearls for TrIQs atalean lehiatuko du, zehazki. “Urriaren 18an izango da ekitaldia. Pozez zoratzen gaude”.