Zapatuan hasiko da jokoan bigarren Master Goxua txapelketa
Parte hartze handiagoa izango du. Oraingoan, 70 pilotari ohi animatu dira lehiarako.
Datozen asteburuetan emozioz beteko da Markina-Xemeingo frontoi txikia. Iaz izandako arrakasta ikusita, aurten ere pilotari ohien Master Goxua Txapelketa antolatu du Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak. Parte hartze handiagoa izango du, gainera. Oraingoan, 70 pilotari ohi animatu dira lehiarako, eta, beraz, 35 bikote aterako dira frontoi txikiko kantxara, iaz baino sei gehiago.
Zapatuan emango ditu lehen pilotakadak txapelketak. Atzo [irailak 29] iluntzean egin zuten aurkezpena Markina-Xemeingo frontoi txikian; bertan egon ziren parte hartzaileetako batzuk, Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko ordezkariak eta Lander Fernandez kirol zinegotzia.
Dena prest dago jokoari hasiera emateko. Bikoteak bi mailatan banatuta jokatuko dute: lehenengo maila eta bigarren maila. Hemeretzi bikote ariko dira lehen mailako norgehiagokan eta hamasei bigarrenean. Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko entrenatzaileak argitu duenez, iaz kanporaketa eran jokatu zen txapelketa, baina aurten bakoitzak gutxienez bi partida jokatzea nahi izan dute: «Partida bakarra jokatu eta kalean geratzea barik, aukera gehiago eman nahi izan da». Hori dela eta, luzeagoa izango da txapelketa, eta arinago hasiko da. Hau da, zapatuan hasiko da jokoa, azaroaren 21ean eta 28an final-laurdenak jokatuko dira, abenduaren 12an finalaurrekoak, eta abenduaren 26an izango dira finalak.
Jokatzeko sistemari dagokionez, lehenengo mailako pilotariak sei taldetan banatu dituzte. Ligaxka eran jokatuko dute talde bakoitzeko bikoteek euren artean, eta lehenengo sailkatzen diren bikoteek eta bigarren postuetan geratzen diren bi bikote hoberenek egingo dute aurrera. «Zortzi bikote geldituko dira, eta kanporaketa erara jokatuko da. Final-laurdenetan zozketa egingo da zein zeinen kontra ariko den erabakitzeko».
Bigarren mailan, berriz, bost talde ariko dira. Horiek ere ligaxka eran jokatuko dute txapelketaren hasiera, eta talde bakoitzeko lehenengo sailkatuek eta bigarren geratzen diren hiru bikote onenek egingo dute aurrera. Zortzi bikote geratuko dira maila horretan ere, eta kanporaketa jokatuko dute euren artean. «Zozketa bidez erabakiko da maila honetan ere final-laurdenetara ailegatzen diren bikoteetako zeinek zeinen kontra jokatu behar duen». Tanto asko egitea garrantzitsua izango da, beraz, bikoteentzat. Izan ere, bigarren geratzen diren bikoteen arteko hoberenak aukeratzeko tantoak edukiko dituzte kontuan.
Txapelketa jokatuko duten pilotari gehienak Markina-Xemein edo inguruko herrietakoak dira, Aulesti, Etxebarria, Berriatua eta Ondarroakoak, besteak beste. Hala ere, badaude hiru bat bikote Lea-Artibai eskualdetik kanpokoak. «Iazko txapelketan parte hartu zuten Soraluzeko bikoteak, Eibarkoak eta Mallabikoak errepikatu egingo dute, eta Beasaingo bikote bat ere edukiko dugu».
Murriztuta. COVID-19 pandemia dela eta, jende kopurua mugatuta egongo da frontoi txikian. «Aulkiak eta hesiak jarriko ditugu ikusleen arteko distantziak bermatzeko». Hala ere, iaz txapelketak izandako arrakasta ikusita, finalaurrekoa, baina batez ere finala, frontoi handian jokatzea aurreikusten ari da Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea. «Joan den urtean ikusle asko batu ziren, batez ere finalean, eta jendeari azken partida ikusteko aukera eman nahiko genioke sarrera mugatu behar izan barik. Horretarako aukera bat frontoi handian jokatzea izango litzateke».
Norgehiagoka oraindik hasi ez bada ere, asko dira entrenatzen hasita dauden parte hartzaileak, eskuak gogortu eta sasoian jartzeko. «Jendea martxan dabil, gogo handiagaz».
Lau partida jokatuko dira zapatuko lehen jardunaldian, 16:30ean hasita. Hauek izango dira:
- Bikandi-Bereikua eta Bustindui-Ezpeleta
- Iñaki-Pello eta Ibai Zubiria-Roberto Gomez
- Laka-Eritz eta Onagoitia-Joanes
- Etxeta-Elu eta Tubo-Trontxo