Julian Arrate: "Beteranoen txapelketa Euskal Herri mailakoa bihurtzen joan da neurri batean"
Hamabost urtez Beteranoen Esku Pilota Txapelketa antolatzen aritu eta gero, agur esan dio txapelketari Julian Arrate lekeitiarrak. Haize berriak eta egiteko modu berriak sartzeko garaia dela dio.
Hamasei urte, hamabost txapelketa eta ehundaka kontu bizi izan ditu Lekeitioko trinketean jokatzen den Beteranoen Esku Pilota Txapelketak. Pilotari zein zaletuek gogoz hartzen dute urtero-urtero 40 urtetik gorakoentzat dagoen txapelketa bakarra.
Zer dela eta hasi zinen Beteranoen Txapelketa antolatzen?
Txapelketa hau 2005ean hasi genuen. Sasoi hartan nire andreak zeukan trinketeko taberna eta bere babes eta laguntzagaz, 40 urtetik aurrerakoentzako txapelketa bat antolatzea erabaki nuen, kategoria horretakoentzako ez zegoen ezer eta. Uste nuen hurrengo urtean Kirol Patronatuak hartuko zuela txapelketa antolatzearen ardura aurretik ere antolatzen zuten-eta antzeko txapelketa bat, parte hartze librekoa, baina arduradunak esan zidan ez zela posible, finantziazioa, trofeoak, opariak eta hori guztiori lortzea gaitza zela. Hori dela eta, 2006an ez zen egon txapelketarik, baina 2007an, nahiz eta andreak jada tabernaren kudeaketa ez eduki, txapelketari jarraipena ematea erabaki nuen, kategoria horretako jendeak ere aukera bat eduki behar zuela pentsatzen nuelako.
Herri askotako pilotariek parte hartzen dute. Zelan batu ziren txapelketara?
Hasiera batean pilotari gehienak lekeitiarrak ziren, Elgoibarko batzuk ere bazeuden, nik bertan lan eginda kontaktua neukan eurekin, eta haiek ere animatu ziren parte hartzera. Baina apurka-apurka, ahoz aho, eta komunikabideen bitartez, toki ezberdinetako jendea hasi zen hurreratzen. Euskal Herriko Txapelketa bihurtzea zen gure helburua. Euskal Herrian ez dago kategoria horretako txapelketarik, eta apurka-apurka helburu hori lortzen joan gara, neurri baten behintzat. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako jokalariak daude.
Partaideak 40 urtetik gorakoak dira, baina aldea badago adin bat edo beste bat eduki.
Gazteenak 40 eta nagusienak 66 izan ditu aurten. Alde handia dago, eta inoiz egon gara pentsatzen 40 urtetik gorako txapelketa bat eta 50 urtetik aurrerako beste bat antolatzea, baina ez dago biak sustatzeko pilotari nahikorik. 40tik 50era egongo dira hiru-lau bikote, eta 50 aurrera beste hiru-lau. Bakoitzetik seina baleude, polita izango litzateke. Nagusiak kexatzen dira apur bat. 40ko bat etortzen denean sasoi betean dago eta 60 edo 65 dituenak zailtasunak edukitzen ditu.
Emaitzei begiratuta, adin horietakoek ere ez dabiltza txarto.
66 urte dituenak txapelketa irabazi zuen iaz, eta aurten ere oso joko onean aritu da. Pilotak ez dira horren biziak eta min asko egiten dutenak. Gainera, arau modura jartzen dugu kolpe handia duten pilotariek ezin dutela sakerik egin. Aurten ere justu egon dira pilotari bi, bata 41 urtekoa eta bestea 45 daukana, Telleria mallabitarra eta Gandiaga II. berriatuarra itzelezko kolpea daukatenak, eta horiek sakea ateratzea edukiz gero min asko egingo lukete eta tanto asko sakeetan. Hasieratik adostu genuen ezin izango zutela sakerik atera eta euren bikoteak atera beharko zuela, bestela saketan doa partidua. Ados egon ziren eta hor joan da txapelketa eurek sakerik atera barik.
Zuk, antolatzeaz gain, jokatu ere egin duzu.
Nik antolatu diren hamabost txapelketatik hamabitan parte hartu dut. 2018an atzamar lodiko kapsula apurtu nuen, eta ezin izan nuen hortik aurrera jarraitu. Hamabi txapelketa horretatik bederatzitan finalera ailegatu nintzen eta bostetan txapeldun izan nintzen. Kepa Arroitajauregigaz lau bider izen nintzen txapeldun eta Juan Ignazio Izarragaz baten. Gero, azpitxapeldun gelditu nintzen Orbea eibartarragaz, Arriaga Gizaburukoagaz eta Izarragaz ere bai.
Zer dauka berezia txapelketa honek?
Txapelketa hau, hasieratik, horren lehiakorra ez izatea nahi izan genuen. Horregatik gauza garrantzitsu bat erabaki genuen, markagailua kontuan ez izatea. Beste txapelketa batzuetan egiten den tanto kopuruak garrantzia dauka, hemen, 30-0 edo 30-29 irabazi, berdin da. Markagailuari ez zaio begiratzen, eta denak gozatzera joaten dira.
Kirola eta kultura ere lotu ditu txapelketak.
Orain dela bost urte, Jaunarena Gartzaronekoa parte hartzen hasi zenean, berari esker ona erakusteko, gu ere Nafarroara joaten hasi ginen, bere herrira. Elkar trukateta antzekoak egin ditugu. Talde bat joaten gara, eta han egoten gara asteburu baten. Txapelketa bat jokatzen dugu bertan, bertako jokalariekin, eta gero, kultur ekitaldiren bat egiten dugu. Mahainguru baten ere parte hartu genuen Raketistak filma eman zutenean. Gero, Beteranoen txapelketaren amaieran, beste horrelako ekitaldiren bat egiten saiatzen gara Lekeition. Bisitatu ditugu Lekeitioko eraikin nagusienak, Itsasargian ere egon ginen bisita gidatuan. Aurten Marierrotan egon gara, Mandexako Abentura Parkera joan gara, eta amaiera Leagi kanpinean eman genion.
COVID-19ak zuei ere eragin dizue aurtengo txapelketan.
Justu talde batek finalaurrekoak jokatuta zituen eta beste bat falta zen. Partida bat edo bi jokatuta finalean egongo ginen, baina gelditu egin behar izan genuen. Noiz aurrera egin genezakeen pentsatzen aritu ginen. Antzar egunean jokatzea polita izango litzakeela esaten nuen nik, baina Antzar Egunik ez dugu eduki, eta gainera, herria zarratuta egon denez, abuztuaren azken domekara aurreratu genuen finala. Aprobetxatu genuen gainera, txapelketan parte hartu duen eta maiatz bueltan hil zen Kepa Arroitajauregiri omenaldia egiteko. Bost bider hartu zuen parte, eta txapelketa antolatzen ere laguntzen zigun, ez daukagu bereganako esker ona besterik. Familiagaz adostu genuen omenaldia, familiarentzako horrelako ekintza bat mingarria ez zedin izan, baina oso pozik egon ziren eta asko eskertu zuten ekimena. Bideo bat ere egin genuen gure apaltasunetik, gure samina eta elkartasuna adierazteko, baina, ekitaldi publiko bat egin eta familiagaz ere egon nahi genuen. Final egunean elkartu ginen, hunkigarria izan zen.
Eta orain txapelketari agur esatea erabaki duzu.
2015ean, 10. urteurrena ospatu genuenean Kepagaz jokatu nuen. Bere azken txapelketa zen. Lesio bat zeukan eta esaten zuen ezin zuela jokatzen jarraitu. 15. txapelketa biok elkarregaz jokatzea adostu genuen, agur modura, eta nik antolakuntza utziko nuela. Uste dut garaia dela beste batzuk ardurak hartzeko. Pertsona bat ez da betirako egon behar gauzak egiten. Haize berriak sartu behar dira, modu berriak, gazte jendea sartu behar da. Orain dela bost urte iragarri nuen itxiko nuela, eta saiatu naiz tarte horretan Akarregi Pilota Taldekoei erreleboa ematen. Urte bian egon ziren nik pasatzen nien informazio guztia jasotzen, baina aurtengo txapelketan esan didate ezin dutela txapelketa bere gain hartu, nahiko lanpetuta daudela euren taldea eta txapelketak aurrera eramaten. Beraz, saiatu naiz, txapelketa jokatzen duten pilotariak antolakuntzan sartzen, eta ea datorren urtean eurak arduratzen diren. Ni hor izango naute laguntzeko, baina eurak ez badute txapelketari tira egiteko pausoa ematen ni ez naiz horretan jarriko berriro. Inork ez badu txapelketa hartzen seinalea izango da jendeak ez duela nahi eta ez duela merezi jarraitzerik.
Ez duzu faltan botako?
Faltan botako dut giroa, eta ekimen kulturalak egiten dituztenean eurekin egon nahiko nuke, baina antolakuntzaren pisua kenduko dut. Abenduan hasten nintzen antolatzen eta apirilera arte horretara aritzen nintzen. Zailtasun asko izan nituen hasieran. Laguntza gutxi egoten dira. Pilotariek diru bat uzten dute, zozketa bat ere egiten da, baina horregaz zati bat besterik ez da ordaintzen. Danobaten egiten nuen lan eta laguntza handia ematen digu, eta Erabilek ere, aldika laguntzen du. Beste jarduera batzuetan murgilduta nabil, Lekitto Bedarra taldea, Lagunkoi, jubilatuen beste elkarte batean ere banabil, denbora bankua, ortua, ilobak… aspertzeko astirik ez daukat.