CircularSeasen baitako Workshop saioa egin dute Leartikerrek eta Azarok
Leartikerrek gidatuta, telematikoki egin dute jardunaldia, parte hartze arrakastatsuagaz. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Ekonomia Zirkularra eta 3D inprimaketa izan dituzte aztergai.
Leartiker Zentro Teknologikoa eta Azaro Fundazioa CircularSeas europar proiektuan ari dira lanean. Hondakin plastikoak itsas industrientzako produktu jasangarri bihurtzea aztertzen dute, eta eguenean Workshop saioa egin zuten. Hirugarren jardunaldia izan zen, eta online egin bazuten ere, “parte hartze arrakastatsua” eduki zuela nabarmendu dute. Antolatzaileak pozik agertu dira partaideen jarrera gogotsuagatik eta izandako ideiengatik, “CircularSeas proiektuan garatu ahal izango baitituzte horietako batzuk”.
Leartikerrek gidatutako lansaioan, eta Euskadiko Ekonomia Zirkularra eta 3D inprimaketa izan zituzten aztergai, BRTA (Basque Reserch and Technology Alliance) eta Leartiker Polymer R&D erakundeen aurkezpenen laguntzagaz. Gero, sormen saioetan, lau esperientzia arrakastatsu oinarri hartuta, itsas sektoreko produktu jasangarriak identifikatu zituzten, ostean negozio eredua definitzeko. Amaieran, garatutako negozio ereduaren aurkezpena egin zuten.
Itsas industriaren sektoreko hainbat ordezkari eta Ekonomia Zirkularra eta 3D printing teknologien inguruan berrikuntza egiteko interesa duten beste enpresa batzuk egon ziren. Rikardo Bueno BRTAko zuzendari nagusiak Europako Green Deal itunarekin bat egiteko ikerkuntza eta garapena oinarrizkoak izanik, Euskadiko Ekonomia Zirkularraren estrategia material, teknologia eta negozio eredu berriak garatzea ez ezik, eskuratutako ezagutzak enpresa ehunera transferitzea dela aipatu zuen: “Euskal zentro teknologikoek ekarpen asko egin ditzakete, baina beraien arteko lankidetza hobetzea funtsezkoa da transferentzia hori bermatzeko”.
Leartikerreko Alex Arrillagak 3D inprimaketarako FDM teknologiari buruzko azalpenak eman zituen, CircularSeas proiekturako teknologia hori aukeratu baitute inbertsio gutxiago, malgutasuna eta arintasuna eskaintzen dituelako. Proiektu honen helburua inprimatzeko erabiltzen den lehengai termoplastikoa birziklatua eta jasangarria izatea dela esan zuen, eta beraz, pentsatu egin behar dela zein material polimeriko erabili, fabrikatu nahi den piezaren arabera.
Sormen saioak arrantza, akuikultura, industria lagungarria eta itsas kirolen sektorera bideratuta egon ziren. Itsas sektoreko produktu jasangarriak identifikatu eta definitu zituzten taldeka, «birziklatuak, biodegradagarriak edo ezaugarri hobeagoak izan behar dituztela kontuan hartuta». MATER Ontzi Museo Ekoaktiboa, Ternua, Indart3D eta Eko-REC erakundeen esperientziak eredu moduan hartu zituzten.
Ondoren, talde bakoitzak ideia bat aukeratu du eta negozio eredua garatu zuten produktu horren inguruan, Ecocanvas ereduan oinarrituta. Horretarako, produktuaren balio proposamena zein den zehaztu zuten: merkatuari edo behar bateri egiten dion ekarpena, funtsezko baliabideak edota zein hobekuntza izango lukeen ingurumenarekiko produktu hori sortzeak.
Hiru urteko produktua. 2019ko apirilean martxan jarri eta hiru urteko iraupena duen proiektu hau ekonomia zirkularraren sustapenean ardaztuta dago. Interreg Atlantic Area programarekin batera Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) bitartez finantzatu dute.
Leartiker proiektuaren liderrak, Leartibai Garapen Agentziak, Azaro Fundazioak eta Lea Artibai Ikastetxeak eskualdearen ekonomia garapenerako duela sei urte zehaztutako Lea-Artibai 2020 estrategian du oinarria, arrantzaren sektorea eta Ekonomia Zirkularra bateratzeko beharrizanean, hain zuzen. Proiektuak ibilbidea hasi zuenetik, Leartiker eta Azaro Fundazioa (Ondarroako Nodoaren arduraduna) elkarlanean aritu dira, proiektuko partaide diren 6 nodoetan burututako diagnostikoen bilduma osatzen eta horietan bildutako hondakinen karakterizazioa egiten, besteak beste.
Beste bost bazkide hauek osatzen dute CircularSeas: Communauté d’Agglomération de La Rochelle (CdA-LR), Universidad de Vigo (UVI), University of Plymouth (UoP), Cork Institute of Technology (CIT) eta Instituto Politécnico de Leiria (IPLeiria).