39. San Gregorio Saria lehiatuko dute domekan
Elite mailakoen eta 23 urtez azpikoen Bizkaiko Txapeldunak erabakiko dira, eta Euskalduna Torneoaren azken proba izango da.
Apirilaren azken domekan lehiatu ezin izan zuten Berriatuko 39. San Gregorio Saria-V Asier Aranceta Memoriala txirrindulari lasterketa egingo dute domekan [urriak 4], 10:00etatik aurrera. Euskalduna Torneoaren azken proba izango da, eta 23 urtez azpikoen zein elite kategorien Bizkaiko Txapelketa lehiatuko dute.
131 kilometro pasatxoko lasterketa da. Berriatua, Lekeitio eta Ondarroa ibilbideari lau buelta emango dizkiete txirrindulariek, eta hirugarren eta laugarren bueltan Mendexa igoko dute Lekeitioko zubitik.
Osasun krisiagatik, protokoloa bete behar dutenez, txirrindulariak euren taldeekin burbuiletan egongo dira, Cikautxoko parkinean. “Lasterketako burbuila deitzen dena: txirrindulari taldeak, epaileak, medikuak, antolakuntzako kideak, anbulantziak eta ertzainak bakarrik sartu ahalko dira parkinera. Abuztuan Euskadiko Txapelketan berdina egin genuen, eta ondo atera zen”, azaldu dute Berriatuko Txirrindulari Elkartearen ordezkariek. Eta helmugan, federazioak eskatu bezala, “hesi bikoitza” egongo da. Hau da, errepide bazterrean hesi bat egongo da, eta espaloian zinta bat, ikusleen eta txirrindularien artean 2 m-ko distantzia egoteko.
Hartutako neurrien artean, sari banaketa ekitaldian ere aldaketak egingo dituzte; Cikautxoko aparkalekuan egingo dute sari banaketa ekitaldia, “jende gutxiago pilatzeko”.
Beste urte batez, bidegurutzeetan laguntzen egongo den jendeari eskerrak eman diziete antolatzaileke, “eurak barik ezingo litzatekeelako” lasterketa antolatu: “Eta espero dugu datorren urtean egoera hobea edukitzea, eta dena lasaiago antolatu ahal izatea”.