Bertsoa eta antzerkia uztartzen dituen saioa, Markina-Xemeinen
Eneko Arrate Sololuze markina-xemeindarrak eta Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarrak Galtzerdi eta Leotardo pertsonaiak antzeztuko dituzte. Saioak aniztasunaz, sexualitateez eta genero rolez hausnartzea proposatzen du.
Urpekakariak bertso eta antzerki ikuskizuna ikusteko aukera egongo da zapatuan [urriak 3], 17:30ean, Markina-Xemeingo Plazabarripean, Uhagon kulturguneak antolatuta. Sarrerak 3 euro balio ditu, baina bazkideentzat doan izango da. Sarrerak udaletxeko sarreran dagoen makinan hartu behar dira, zapatuko 15:00ak arte. Soberan geratuko balira, Uhagon kulturguneak webgunean eta sare sozialetan zehaztuko du.
Eneko Arrate Sololuze markina-xemeindarrak eta Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarrak Galtzerdi eta Leotardo pertsonaiak antzeztuko dituzte. Bi lagunak igerilekuan topo egin duten.
Urertzean, erdi gogaituta daudela, bihurrikeria bat egitea bururatuko zaie: zergatik ez hondoko tapoia aurkitu eta igerilekua hustu? Eskura dauzkaten gauzekin urperatzeko jantzia prestatu eta isurbidearen bila abiatuko dira. Ur azpian murgiltzean, gorputz ezberdinekin topo egingo dute; askotariko sentsazioak izango dituzte, eta tarteka gogoeta txiki bat egiteko aukera emango die sentitu eta ikusten ari diren guztiak.
Hausnarketarako gonbitea. Hain zuzen ere, horixe bera da ikuskizunaren helburua: «Modu sotil eta umoretsuan, ikuslerik txikienak beren gorputzei begira jarri eta aniztasunaz, sexualitateez, genero rolez hausnartzea».
Gidoia Miren Amurizak eta Ane Labakak egindakoa da. Ikuskizunak 50 minutuko iraupena daukala aurreratu dute.