Eneritz Lizardi mutrikuarrak 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa irabazi du
Mutrikuko Danok Bateko atzelariak Berriatuko Zesta Eskolako Ihart Arakistain aurrelari sopelarragaz osatu du bikotea. Donostiako bikoteari bi setetan nagusituta geratu dira txapeldun
Mutrikuko Danok Bateko Eneritz Lizardi mutrikuarrak eta Berriatuko Zesta Eskolako Ihart Arakistainek irabazi dute Espainiako zesta txapelketa, 23 urtez azpikoen kategorian, asteburuan. Elaia Gogenola (Berriatuko eskola) eta Naroa Merinoren (Donostiako eskola) kontra bi set-etan nagusituta (15-12 eta 15-9) geratu ziren txapeldun, Iruñeako Labrit pilotalekuan.
Mutrikuarrak esan du finala “nahikoa ondo” joan arren, espero zutena baino gehiago kostatu zitzaiela irabaztea. Hasieran deseroso, baina gero, konfiantza hartu eta ondo jokatzen hasi ziren: “Frontoiagaz, pelotagaz eta geure artean konfiantza hartu genuenean, dena atera behar zen moduan atera zitzaigun. Eurek finalaurrekoa ez zuten jokatu, aurkarietako batek min hartu, eta zuzenean finalera pasatu ziren. Horregatik, guk pentsatzen genuen frontoian partidu bat jokatuta geneukanez, errazagoa izango zela irabaztea. Espainiako Kopako final bat zenez, urduritasunak eragin zigula uste dut. Hasieran eurak oso ondo jokatzen hasi ziren, gu mendean hartzen, eta tantuak ezin izan genituen erraz egin. Baina, tantuak egiten hasi ginenean, Ihart sakeagaz bikain moldatu zen, eta hori irabazteko giltzarria izan zen. Guk sakea egiten genuen bakoitzean bi-hiru tantu aurretik jartzen ginen, eta horrek lasaitasun gehiago eman zigun, eta eurei presio gehiago”.
Kopa lehiatuko zutela jakitean, irabazteko helburua jarri zutela zehaztu du: “Zaharrenetakoak ni eta beste bat ginen, 16 urtegaz. Azken txapelketa Berriatukoa izan zen, eta Ihart eta biok elkarrekin jokatu eta irabazi genuen, eta Espainiako Kopa jokatzera joan ginen denok parte hartu genuen Berriatuko Txapelketa horretan. Beraz, hau irabazteko aukerak bagenituela pentsatzen genuen”.
Finalaurrekoa Zumaiako eskolako Maddi Jauregi aurrelari zumaiarraren eta Maite Ortiz de Mendibil atzelari gasteiztarraren kontra lehiatu eta hura ere bi set-etan nagusituta (6-15 eta 8-15) irabazi zuten.
Xistera. Espainiako titulua lortu ostean, orain Xistera Txapelketara begira daude. Iaz txapelketa irabazi zuen mutrikuarrak, eta txapela defendatzera joango da aurten. Orain, beraz, txapelketa prestatzeko entrenatzea tokatzen zaie. Oraindik baina ez dakite zein datatan eta zelan lehiatuko duten: “Urrian hasteko asmoa dago, baina oraindik ez dakigu ezer. Topaketa bakoitzean jende asko pilatzen gara, eta oraindik ez dakigu zelan izango den. Ez daukagu berririk, baina txapela defendatzea da helburua”.