Hainbat aldaketagaz dator Tontorramendiko igoera bertikala
Domeka eguerdian lehiatuko dute, eta aurrekoetan modura, lasterketa izan beharrean, erlojupekoa izango da.
Koronabirusaren osasun krisiaren ondorioz, segurtasun neurriak bete ahal izateko proba moldatu dute Aurrera Mendi Taldeak eta Ondarroako Gazte Asanbladak. Domekan [urriak 4] lehiatuko dute 12:00etan hasita, eta aurrekoetan ez bezala, lasterketaren ordez, erlojupekoa izango da.
Orain arte denak batera Gaztetxetik hasten zuten lasterketa, domekan, baina, korrikalariak banan-bana minutu erdiko tarteagaz irtengo dira Zaldubideko egurrezko eskaileretatik. “Lehen 2,4km-koa zen, eta orain, berriz, 1,9km pasatxokoa da. Aurrerago hasiko da, baina ibilbidea ia iazko berdina da; tarte txiki batean alboragotik ipini dugu, baina bestela antzerakoa da”, azaldu dute antolatzaileek. Igoera bertikala amaituta, beste aldetik jaitsiko dira, banaka, “goian jendea ez pilatzeko”. Gainera, aurten ez dute tontorrean talde argazkia aterako. “Amaieran, lehen Gaztetxean egoten zen luntxa. Domekan zer edo zer desberdina egingo dugu, baina jan-edana egongo da behean. Beti ere jende asko ez pilatzeko asmoagaz”.
Betiko lekuetan proba ikusteko eta animatzeko aukera edukiko dute herritarrek, beti ere, maskarillekin eta segurtasun distantzia manteduta.
Izena emateko lehen egunean, 15 ordutan bete zen 50 korrikalarien zerrenda. “30 bat ondarrutarrak dira, eta gainontzekoak Markina-Xemein, Gernika ingurukoak, Azpeitia, Araba… Izena emandako batzuek ezin izango dute etorri, eta hasiera batean kanpoan geratu zen jendeari aukera eman diogu, horien izenekin zerrenda bat osatu genuen eta”.
Aurten, gainera, parte hartzaile guztiei oparitxo bana emango diete. Nesketan zein mutiletan lehenenego hirurak sarituko dituzte, eta 18 urtetik beherakoetan zein 45 urtetik gorakoetan lehen gizonezkoek eta emakumezkoek hartuko dute saria.