Juan Luis Natxiondo 'Pototo' lekeitiarra omenduko du LABek
Lea-Artibaiko LABeko sortzaile eta Maderas de Lekeitioko delegatua izan zen. Omenaldia Merkatu Plazako Goiko pisuan egingo da, bariku honetan [urriak 2], 18:00etan.
Agur ekitaldi berezia antolatu dio LAB sindikatuak uztailaren amaieran zendu zen Juan Luis Natxiondo Arrizubieta Pototo lekeitiarrari. Lea-Artibaiko LABeko sortzaile eta hamarkadetan Maderas de Lekeitioko delegatua izan zen Pototo, eta urte horietan guztietan egindako ekarpena goretsi nahi diote omenaldia eginez.
“Maderas de Lekeitioko langile, munduko langile eta borrokalari askoren eredu eta urte askotan LAB sindikatuko erreferentzia izan den pertsona honi eta beste kide batzuei esker sortu ziren LABeko herri biltzarrak Lea Artibai eta Busturialdean. Kapitalismoaren arerio izan den borrokalariari, LAB sindikatuan azkenera arte lanean jardun duen Pototori, gero arte esan nahi diogu; egunsenti gorrira arte”, adierazi dute LAB sindikatukoek.
Maderas de Lekeition egin nahi zioten omenaldia, baina eguraldia dela eta, ekitaldia egokitu behar izan dute: “Bere bizitzaren puska izan zen Maderas de Lekeition egin nahi genion agurra. Hainbeste borrokatu zuen lekuan, bere izateagaz munduko langileen aldarrikapenak bozgorailuz zizelkatuta utzi zituen lekuetako batean, Maderasko horma zaharren ondoan. Baina eguraldiak ez digu utziko horma haietako aldarrikapenak Kantauri itsasora jaurtitzen”. Omenaldia, beraz, Merkatu Plazako goiko pisuan egingo da, bariku honetan [urriak 2], 18:00etan.
Pototok ikasgai asko utzi dituela azpimarratu dute: “Independentzia eta sozialismoa ahotan, beste bizitza eredu baten aukeraz betetzen zituen borroka guztiak. Dena ematearen eredua izan da utzi digun ikasgaia, hori da azken egunera arte borrokatu duena. Afiliatu, ordezkari, eta langile guztiekin partekatu zituen herri txiki honetako borroka handiak. Lea Artibai eta Busturialdeko LAB kideok beti izango dugu eredugarri”.