Kepa Agirre abadeari agur hunkigarria egin diote Lekeition
Kepa Agirre Lekeitioko parrokoa jubilatzen dela eta, haren omenezko elizkizun berezia egin zuten domekan [irailak 27] Lekeitioko elizan.
Hemeretzi urtez Lekeitioko parrokoa izan eta gero, azken meza eman zuen Kepa Agirrek joan den domekan [irailak 27] Lekeitioko basilikan. Haren ondoan egon ziren Benito Ansola abadea, Jose Agustin Maiz Alkorta bikario berria, Mario Izeta Gabikagoxeaskoa Bilboko Gotzaina bai eta Lekeitioko Udaleko ordezkari, katekista eta herritar ugari ere.
Emozioz beteriko elizkizuna izan zen; hemeretzi urte horietan ondoan laguntzen izan dituen guztiez oroitu zen Agirre, eta beretzako ere esker oneko berbak besterik ez ziriren egon. Herriak txalo luzeari eutsi zion Agirreren lana eskertzeko. «Pozik egin dut lana, eta omenaldirik barik ere pozik egongo nintzen, onak berak dakar eta poza» adierazi du. Mokadutxoa hartuaz amaitu zuten ekitaldi berezia.