Keu Agirretxeak 'Geruzak' abestiaren bideoklipa estreinatu du
Agirretxea ondarrutarrez inguratu da lan honetarako: letra Aiert Goenagak idatzi du, bideoklipean Eneritz Zeberio dantzari ondarrutarrak parte hartu du, eta bideoa Leire Ikaran eta Beñat Bidegainek egin dute, eta Jon Badiola abestiaren ekoizpenaz eta nahasketez arduratu da
Abeslari eta musikari ondarrutarrak bihar [urriak 2] argitaratuko du Geruzak abestia. Gaur, baina, bideoklipa estrenatu dute. Eta oraingoan, hainbat ondarrutarren kolaborazioa eduki du Agirretxeak: abestiaren letra Aiert Goenagak ondarrutarrak egin du, bideoklipean Eneritz Zeberio dantzari ondarrutarrak parte hartu du, eta bideoklipa bera Leire Ikaran eta Beñat Bidegain ondarrutarrek egin dute.
Irailaren 12an grabatu zuten bideoklipa, Ondarroako barra musturrean, egunsentiagaz batera. Abestiaren letrari dagokionez, Goenagak Agirretxeak musika sortu eta egun gutxira idatzi zituen, telefonoz bien arteko elkarrizketa eduki ondoren. “Hausnartu behar genuke momentuko paradaz, garen horretaz eta izan nahi duguna. Geruzaz geruza erantzi”, adierazi zion Goenagak Agirretxeari. Bada, gogoeta horretatik abiatuta sortu zuen letra.
Ura eta bakea diskoan bezala, Jon Badiola ondarrutarrarekin lan egin du Agirretxeak abestiari forma emateko. Hain zuzen ere, ekoizpenaz eta nahasketez arduratu da Badiola. Diskoaren sorkuntzan eta grabazioan zein bideoklipean parte hartu duten guztiak ondarrutarrak direla nabarmendu du Agirretxeak. “Lan talde bikaina izan dut ondoan, eta denak herritarrak izateak poz berezia eman dit”. Airaka diskoetxeak argitaratuko du abestia bihar plataforma digitaletan.