Sarek '650 tontor' ekimena atzeratzea erabaki du
Zapatuan [urriak 3] mendietara igo ezin arren, herrietan elkartzeko eta argazki erraldoiak ateratzeko deia egin diete herritarrei; 12:00ak edo 13:00ak inguruan batuko dira herrietan, argazkia ateratzeko.
Sarek zapaturako [urriak 3] antolatuta zuen 650 tontor ekimena atzeratzeko erabakia hartu du, iragarritako eguraldi txarragatik. Gaur [urriak 1] eman dute erabakiaren berri, eta 2021eko maiatzaren 8an egingo dutela jakinarazi du.
Herritarrei eskerrak eman eta gailurretara igotzeko segurtasuna bermatzeko ezintasunak behartuta hartu dutela erabakia esan du: «Ekimen honi begira sortutako ilusioa, egindako lan izugarria eta animatu den herritar kopurua aintzat hartuta erabaki dugu mendi tontorren igoera historikoa atzeratzea, baldintza egokietan egiteko aukera izango dugula ziurtatzeko». Izen emateak mantendu egingo dituztela adierazi dute.
Dena dela, zapatuan [urriak 3] mendietara igo ezin arren, herrietan elkartzeko eta argazki erraldoiak ateratzeko deia egin diete. Hain zuzen, 12:00ak edo 13:00ak inguruan batzeko eta argazki erraldoia ateratzeko proposamena egin du. Mutrikun 12:00etan Zabiel Plazan batzeko dei egin dute, Lekeition 12:30ean plazan batuko dira eta Ondarroan 13:00etan Kalekurutzean.
Sareetatik zabaltzeko, honako zenbakietara bidaltzeko eskatu du: 678 13 74 05 (Ipar Euskal Herria eta Araba); 688 67 46 79 (Bizkaia); 688 62 83 66 (Gipuzkoa) eta 688 81 20 34 (Nafarroa).