Aurrerak Urgatziren aurka jokatuko du Errege Koparen sailkapen faseko lehen norgehiagoka
Norgehiagoka eguaztenean jokatuko dute Gasteizen. 20:30ean ipini dute hitzordua. Domekan, berriz, Anaitasunaren aurkako partidari ekin beharko diote. 16:30ean hasiko da partidua Zaldupen.
Errege Koparen sailkapen faseari ekingo dio datozen egunotan Ibon Lopez entrenatzailek zuzentzen duen gizonezkoen lehen taldeak. Aurrerak, hain zuzen ere, hiruko txapelketa jokatu beharko du Gasteizko Urgatzi eta Azpeitiako Anaitasuna taldeen aurka. Lehen neurketa Gasteizen jokatuko dute eguaztenean [urriak 7], 20:30ean hasita. Domekan [urriak 11], berriz, Anaitasunaren aurka neurtu beharko dituzte indarrak Zaldupen. 16:30ean hasiko da norgehiagoka.
Sailkapen faseko bi kanporaketetan aurrera eginez gero, Espainiako Kopako zozketan parte hartzeko aukera edukiko luke Ondarroako taldeak. Eta horrenbestez, Lehen Mailako talde baten aurka jokatuko luke Zaldupen. Urteurren berezia da aurtengoa Aurrerarentzat. Kirol Elkartea 100 urte sortu zela ari dira ospatzen, eta urteurrena borobiltzeko asmoagaz, hurrengo fasera igarotzeko ilusio berezia dutela azpimarratu dute.
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Ohorezko Mailetatik Espainiako Hirugarren Mailara igo diren hiru euskal talde ari dira parte hartzen, Espainiako Errege Koparako sailkapen fasean. Fase horretatik Euskal lurralde mailako ordezkaria aterako da eta taldeak Espainiako federazio baten menpean dagoen talde baten aurka jokatu beharko du, partida bakarrera. Neurketa hori irabazten duen taldeak Europako txapelketetan parte hartzen ari ez den Espainiako Lehen Mailako talde bat jasoko du bere etxean.