Euskadiko Herri Kirol Federazioak "deitoratu" egin du aizkolarien jarrera
Federaziotik atera diren aizkolarien irizpidea ekonomikoa dela azpimarratu dute. Euskal Herriko Federazioak, bere aldetik, Aizkolarien Txapelketa antolatuko duela jakinarazi du.
Hogei aizkolarik federazioak antolatu ohi duen Euskal Herriko Txapelketan parte hartzeari uko egingo diotela jakinarazteko agerraldia egin zuten duela bi aste, federazioarekin hainbat desadostasun dituztelako, eta tartean zen Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarra. Hori dela eta, aizkolariek beren ekimenez sortutako Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dutela azaldu zuten. Horren harira, Euskadiko Herri Kirol Federazioak “deitoratu” egin du aizkolariek beren txapelketa propioak antolatzeko hartu duten erabakia. “Federaziotik ateratzen diren aizkolarien irizpidea ekonomikoa baino ez da. Federazioak ezin du irizpide profesional hori aintzat hartu, gure diziplinekin eta gure historiarekin amaituko lukeelako”.
Federazioak azpimarratu duenez, aizkolari horiek ekitaldi ez ofizialak bakarrik egin ahal izango dituzte. “Aizkolari jakin batzuek ekonomia elkartasunaren gainetik jartzen dutela errespetatuz, ekitaldi ez ofizialak bakarrik egin ahal izango dituzte. Profesionalak direnez, kirol ikuskizunen baldintza guztiak bete beharko dituzte”.
Federazioak federatu guztiei txapelketak eskaintzeko betebeharra duenez, Aizkolarien Txapelketa antolatuko dutela jakinarazi dute. “Irabazten duena Euskal Herriko 2020ko txapelduna izango da”. Are gehiago, eurek antolatutako txapelketa erakundeen aurreran indarrean egongo den titulu ofizial bakarra dela gogorarazi dute. Ez hori bakarrik, ohartarazi dutenez, aizkolari profesionalek ezingo dute “ofizial” hitza erabili. “Ezta Kirolaren Euskal Legeak euskal federazioei erreserbatzen dizkien Euskal Herriko izen eta ikurrak ere”.