Hamabi greba egun egingo dituzte urrian Baiko enpresako pilotari gehienek
"Gutxieneko lan baldintzak, errespetua eta gardentasun ekonomikoa" eskatu dizkiote enpresako arduradunei. Guztira hamabost pilotarik bat egin dute grebagaz, eta tartean da Andoni Aretxabaleta markina-xemeindarra.
Baiko enpresako pilotarien gehiengoak ez du jokatuko urriko hamabi egunetan: 9, 10, 11 eta 12an; 16, 17, 18 eta 19an; ez eta 23, 24, 25 eta 26an ere. “Enpresan bizitzen ari garen egoera jasangaitza da; enpresak langileen aurkako kaleratze mehatxuak egin ditu, eta, hori ikusita, grebara deitzea erabaki dugu”. Hala dio pilotariek Bilbon, ELA sindikatuaren egoitzan irakurritako agiriak.
Lau aldarrikapen nagusi dituzte: “Eskiroz, Victor, Laso eta Mariezkurrena pilotarien kontratuak berritzeko negoziazioei berriz ekitea, fede onez eta mehatxurik gabe; gutxieneko lan baldintzak arautuko dituen enpresa hitzarmen bat lortzea; enpresan indarrean dagoen barne araubidea bertan behera uztea; eta pilotariekiko gardentasun ekonomikoa”.
Baiko enpresak, bere aldetik, pilotarien agerraldia hastera zihoan ordu berean sare sozialetan plazaratu zuen albisteak ondoko albistea: “Baiko Pilotako langileen % 57k lan baldintzak aldatzeko akordioa adostu du”. Sei hilabetez, lanaldia eta soldata %20 jaitsiko dute langile horiek.
Batezbesteko hori askotan azaldu zen pilotarien agerraldian. Ibai Zabalak pilotarien bozeramaile lanak egin zituen eta baieztapen indartsua egin zuen horren aurrean: “Gu prest gaude soldatak jaisteko, baita %30 ere, baina, horretarako, enpresak kontu ekonomikoak gardentasunez erakutsi beharko dizkigu”. Esan zuenez, horren berri badaki enpresak: “Jose Ramon Garai gezurretan dabil. Esaten duenean ez duela jaso pilotarien proposamenik, ez da ari egia esaten. Nik neuk esan nion prest geundela soldatak jaisteko”. Argitu zuenez, Iosu Eskiroz pilotaria kaleratu eta gero joan ziren enpresarekin hitz egitera, eta orduan egin zion proposamen hori Zabalak berak, atzo kontatu zuenez.
%20ko batezbestekoarekin jarraituz, pilotariek baieztatu zuten denek jaso dutela kopuru hori jaisteko proposamena, eta horretan ere gezurretan aritzea leporatu zioten Garairi: “Hark dio %20ra bitarteko soldata jaitsierak eskaini dizkigula, baina ez da egia. %20koa da denon kasuan“.
Diru kopuruak beste behin ere aipatu zituen Zabalak, kazetarien galderei erantzuterakoan. “Esan zuen enpresako pilotarien soldatak 91.000 eurokoak direla batez beste. Garbi esan nahi dut mobilizatu garenon batez besteko soldatak horren erdia dela, eta, gainera, jasotzen dugun guztia ez doala gure poltsikoetara, bidean geratzen delako zati bat”.
Enpresaren eta pilotarien aferaren muinean diru kontuak daudela bistakoa da. Hala, pilotariek berretsi dute gardentasun ekonomikoa eskatzen diotela Baikori. “Erakutsi kontuak, baina benetako kopuruekin, ez batez bestekoekin, eta ez COVID-19ak eragindakoak bakarrik. Lehenagokoak ere ikusi nahi ditugu. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean ginenean eskatu genien kontuak erakusteko”.
Horren harira, ELA sindikatuak adierazi du “lege bide guztiak” erabiliko dituela hori lortzeko, enpresak diru kontuak erakusteko. Zabalak nabarmendu zuenez, “dirua badago”, eta kontratu berritze batzuk aipatu zituen: «Egon dira berritzeak, eta onak, gainera. Dirurik ez dagoela? Ez dagoena da borondatea».
Grebaren hautua egin badute, “enpresak bide hau hartzera behartu” dituelako izan dela gaineratu dute: “Geratzen zaigun azkeneko bidea da, eta bakarra”. Urrian pilotalekuetan pilota egotea “enpresaren borondateak baldintzatuko” duela esan zuten: “Gu prest gaude negoziatzeko, gure borondatea mahai gainean dago lehen egunetik. Orain, enpresari dagokio pausoak ematea”. Ez dira oso baikorrak, hala ere.
Oharra sinatu duten pilotariak:
- Asier Agirre Irisarri
- Jon Alberdi Gorostidi
- Jon Ander Albisu Albizu
- Aitor Aranguren Errasti
- Andoni Aretxabaleta Aramendi
- Axier Arteaga Garaialde
- Iñaki Artola Izagirre
- Joanes Bakaikoa Satrustegi
- Oinatz Bengoetxea Berasategi
- Jon Erasun Gorostidi
- Mikel Larunbe García del Castillo
- Jon Ander Peña Olazabal
- Ruben Salaverri
- Beñat Urretabizkaia Eizmendi
- Ibai Zabala Gandarias