Oihana Kortazar zilarrarekin bueltatu da Espainiako Trail Txapelketatik
Mutrikun bizi den korrikalaria lasterketa irabazteko faboritoetako bat zen. Lehen postuak helmugara iristeko 2 kilometro falta zirenean ihes egin zion.
Asteburuan Kanaria uharteetan lehiatu den Espainiako VI. Trail Running Txapelketa bigarren amaitu du Oihana Kortazarrek. 44 kilometro eta 2.900 metroko desnibeleko ibilbidea osatzeko 4 ordu 11 minutu eta 50 segundo behar izan zituen Mutrikun bizi den korrikalariak; Gisela Carrion irabazleak baino 39 segundo gehiago, hain zuzen. “Oso pozik nago. Ezin izan dut gehiago egin”. Emakumezkoen F35 kategorian, aldiz, lehen postua eskuratu zuen.
Lasterketa bikaina egin zuen Kortazarrek, eta irabazteko zorian ere egon zen; urreak oso gutxigatik ihes egin zion. La Cumbrecitako tontorretik igarotzen lehena izan zen, eta hurrengo kilometroetan ere lidertzari ondo eutsi zion. Baina helmugarako 2 kilometro falta zirenean, Gisela Carrionek harrapatu eta aurrea hartu zion. “Ez naiz Carrioni jarraitzeko gai izan, eta merezitako garaipena lortu du”.
Topera ibili zen lasterketan, erritmo bizian, baina aitortu duenez, ordura arte ezarritako erritmoari ezin izan zion eutsi. “Helmugara iristeko 9 kilometro falta zirela Carrion oso hurbil nuela ikusi dut. Gero, tartea handitzea ere lortu dut, baina asfaltora ailegatu garenean indarrik gabe geratu naiz. Erritmoa mantentzen saiatu naiz, baina helmugara iristeko 2 kilometro falta zirela, aurrea hartu dit”.
Carrion harrapatu ahal izateko ahalegin gehigarria egin beharko zuela jakitun, amore ematea erabaki zuen. “Topera nindoan, eta pixka bat gehiago sakatzeko aukera banuen ere, zer edo zer zorabiatuta sentitu nintzen. Ezin nuen gehiago. Momenturik gogorrena asfaltora iritsi garenean bizi izan dut. Erritmo biziegia ezarri dut hasieratik, eta ordura arte egindako 42 kilometroak igarri egin dira. Asfaltoko zati horretan benetan oso nekatuta neuzkan hankak; ezin nuen gehiago”.