Aurtengo lehen Farolapekua antolatu du Lekeitioko Parkeko Guniak
Kultur ekitaldi bat antolatuko du Parkeko Guniak hilean behin. Joan den barikuan egon zen lehen Farolapekoa Ikusgarri zinema aretoan.
Azken hamar urteetan musika, magia, antzezpen, jolas eta beste hainbat eta hainbat ekitaldigaz gozatzeko aukera eman du Lekeitioko San Antolin jaietako Parkeko Guniak. Aurten, ordea, COVID-19a dela-eta jairik egon ez denez, hutsik egon da parkea, ekitaldi eta jende barik. Baina, Parkeko Guniak aurten 10 urte betetzen ditu, eta sanantolinetan ospakizunik egin ezinik egon badira ere, urte osoko kultur programazio bat prestatzea erabaki dute.
Formatua aldatu behar izan dute, eta emanaldiak Ikusgarri zineman izango dira, baina parkeko emanaldien kutsu berezia mantentzen ahaleginduko dira. Aurreratu dutenez, hilean behin egongo da ekitaldiren bat, hileko lehenengo barikuetan. Joan den barikuan [urriak 2], beraz, egin zen lehenengo Farolapekua Ikusgarrin, Ibil Bedi musika talde nafarrarekin, eta urte amaierara arteko artista guztiak lotuta dituzte dagoeneko. Aurreratu dutenez, azaroan bertso musikatuak egongo dira, eta abenduan Afrika Bibang-en kontzertua.
Sarrera. Orain arte, Parkeko Gunian egin diren emanaldi guztiak doan izan dira; autogestioz antolatu izan dira ekitaldiak, portuko zein parkeko txosnetan lortutako diruagaz ordainduz, baina, aurten ez dute eduki horrelako aukerarik, hori dela eta, sarrera bat ordaindu beharko da. Azaldu dutenez, udalagaz ere hartu emanetan daude laguntzaren bat jaso dezaketen ikusteko.