'Bizi dantza' ikuskizunak irriz eta musikaz bete du Amorotoko frontoia
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Bizi dantza ikuskizuna eskaini zuten bariku arratsaldean [urriak 2], Amorotoko frontoian.
Amorotoko Kultura Taldeak eta udalak elkarlanean antolatutako emanaldia izan zen, eta oso ondo joan zela azpimarratu dute. Aforoa guztiz bete zuten; segurtasun distantziak gordeta, gehienez 186 pertsona sartu ahal ziren. “Frontoira joan den jende guztiari eskerrak eman nahi dizkiogu. Denon portaerari esker, giro oso ona egon da, eta segurtasuna bermatu da, inor arriskuan jarri barik eta ezelako gorabeherarik barik egin ahal izan zen emanaldia”, esan dute antolatzaileek. Pandemia garaian antolatu duten lehen ekitaldi kulturala da, eta erronka moduan hartu zuten. Euren berbetan, hemendik aurrera ere, “modu seguruan kultura bizirik mantentzen” ahalegintzea dute asmo.