Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak datorren urteko egutegia irudikatzeko lehiaketa martxan jarri du
Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoaren egoitzan edo bost udalerrietako udaletxeetan utzi behar dira proposamenak, urriaren 30a bitartean.
Lea Ibarreko egutegi lehiaketara urriaren 30a bitartean [barikua] aurkeztu behar dira lanak. Parte hartzen dutenek Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoan (Elexalde 1, Gizaburuaga) edota bost udaletxeetan (Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibar) utzi behar dituzte euren proposamenak, astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara.
Betiko modura, Lea Ibarra gaiaren inguruko argazki, marrazki edota ordenagailuz egindako edozein konposaketa diseinatzeko aukera dute herritarrek, DIN A3 bertikalean. Horietan LEA IBARRA – 2020 testua agertu behar da, derrigorrez.
Diseinuak bi gutun-azaletan aurkeztu behar dira. Batean egindako lana sartu behar dute parte hartzaileek, eta bestean, egilearen datu orokorrak zehaztu behar dituzte: izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta posta elektronikoaren helbidea.
Irabazleak 500 euroko diru saria jasoko du. Baina, gogoratu dute epaimahaiak saria eman gabe uzteko aukera edukiko duela.