Moriako errefuxiatuen egoera salatu dute Markina-Xemeinen
Markina-Xemeingo Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideek deituta, elkarretaratzea egin zen zapatuan [urriak 3] frontoi txikiaren aurrean. Janari bilketa ere egin zuten.
Greziako Moria errefuxiatu zelaiko errefuxiatuen bizi baldintza latzak salatzeko elkarretaratzea egin zen joan den zapatuan [urriak 3] Markina-Xemeinen. Hainbat lagun elkartu ziren frontoi txikian Markina-Xemeingo Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideek egindako deiari erantzunez. Errefuxiatuei elkartasuna adierazi eta “inor ez dela ilegala” azpimarratu zuten.
Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak dionez, beste behin ere, mehatxutzat jotzen dituzte migratzaileak, baina, egiaz, klase politikoa eta haren migrazio-politikak dira Morian gertatu denaren erantzuleak.
Elkarretaratzeagaz gain, Zaporeak elkarteak Euskal Herri osoan abiarazitako janari bilketagaz bat eginez janari bilketa egin zuten frontoi txikian goizetik arratsaldera. Janariez gain, dirua ere batu zuten errefuxiatuen premiei erantzun bat eman ahal izateko.