Alarabi aurkitzeko lehiaketa antolatu du Markina-Xemeingo merkatarien elkarteak
Hemen be bai elkarteko 33 saltokietako erakusleihoetan begiratu eta Alarabiren irudia aurkitu behar da. Asmatzaileen artean 120 euroko saria zotz egingo dute.
Hemen be bai Markina-Xemeingo merkatarien elkarteak lehiaketa berezi bat antolatu du datorren asterako. Elkarteko lau saltokitako erakusleihoetan Alarabi bat jarriko dute ezkutatuta, eta horiek bilatzea izango da helburua.
Jendea herriko merkataritzara hurbilarazteko asmoz jarri du abian Non dago Alarabi? lehiaketa Hemen be bai elkarteak. “Sarritan herrian bertan zer aurkitu dezaketen edota zertan ari garen ez dute jakiten herritarrek, eta lehiaketa hau gure denda eta erakusleihoetara hurreratzeko bide polit bat izan daitekeela uste dugu”, azaldu dute.
Lehiaketan parte hartzeko modua ondorengoa izango da: lehiaketan parte hartzen duten Hemen be bai elkarteko 33 saltokietako erakusleihoetan begiratu eta Alarabiren irudia aurkitu behar da. Lau erakusleihotan egongo da Alarabi, eta behin aurkitutakoan, dendara sartu behar da eranskailu baten bila. “Dendan bertan orri bat emango dute lau eranskailuak itsatsi ahal izateko. Lau eranskailuak lortutakoan Alarabiren irudia osatuko da, eta orri horretan izen abizenak eta telefonoa jarri eta elkartearen postontzian sartu behar da orria”.
Datorren astelehenean [urriak 12] hasi eta urriaren 19ra arte egongo da martxan lehiaketa, orriak, berriz, urriaren 23a baino lehen sartu beharko dira elkartearen postontzian.
Erronka betetzea lortzen dutenen artean 120 euroko saria zotz egingo dute; asmatzailea bakarra balitz, saria beretzat izango litzateke.
“Hemen be bai elkartetik ekintza desberdinak antolatzen ditugu herriko merkataritza sustatzeko, eta COVID-ak eragindako egoera honetan kaleko ekintza bat antolatzea pentsatu genuen. Herriko ekimen bat denez, Markina-Xemeingo pertsonaia aukeratu dugu lehiaketako protagonista izateko”.