Azken orduetan bederatzi positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun
Atzo Lekeition, Markina-Xemeinen eta Mutrikun erregistratu zituzten kasu berriak. EAEn, irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean 36 pertsona hil dira COVID-19aren eraginez. Hiru lurraldeetan ospitaleratuta daudenak ere gutxiago dira, baita ZIUn daudenak ere.
Azken 24 orduetan Lekeition (1), Markina-Xemeinen (7) eta Mutrikun (1) erregistratu dituzte COVID-19arekin kutsatutako kasu berriak.
Lurraldeka, atzo [urriak 6] 10.022 PCR egin zituzten, eta horietatik guztietatik 428 positibo erregistratu zituzten (%4,27). Araban 58 positibo erregistratu zituzten, Bizkaian 184 eta 180 Gipuzkoan. Beste 6 positibo EAEn bizi ez diren herritarren artean erregistratu zituzten.
Ospitaleratutakoei dagokienez, atzora arteko datuen arabera 238 herritar daude ospitaleratuta (astelehenean baino 2 gutxiago). Horietatik guztietatik, 51 daude ZIUn (astelehenean baino 5 gutxiago). Azkenik, R0 0,97an kokatu da.
Bestalde, irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean metatutako datuak aztertu ondoren, epe horretan COVID-19aren eraginez hildakoak 36 izan direla esan du Eusko Jaurlaritzak.