Belaustegirako bidea hobetuko du Ispasterko Udalak
Duela bost bat urte ezin izan zuten bide dena konpondu, eta orain amaituko dute.
Belaustegi baserrira doan bidea hobetzeko lanak hasiko ditu Ispasterko Udalak hilabete honetan. Lanak Gaimaz enpresari esleitu dizkio udalak 39.498,10 eurotan.
Orain dela bost urte inguru ezin izan zuten bide osoa asfaltatu, eta erdia egin zuten. Orduan 70.000 euro inguruko inbertsioa egin zuen udalak, eta orain falta den zatia egingo dute. “Belaustegirako bidea herrian daukagun bide publiko bat da. Etxebizitza bat dago, eta bidea asfaltatu barik dago, udalerrian txarren dagoena da. Gure lehentasuna da jendea bizi den inguruetarako bideak egoera onean egotea. Gure programan esan genuen egingo genuela, eta udalaren lehentasunetako bat izan da”, azaldu du GarbiƱe Saenz de Buruaga alkateak.
Lanak egiteko Bizkaiko Foru Aldundiaren Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren 24.660,40 euroko diru laguntza jasoko du udalak. Bizkaiko Foru Aldundiaren 177/2019 Foru Dekretuak udal eskumeneko erabilera edo zerbitzu publikoei lotutako azpiegituretarako inbertsioak sustatzeko xedea dauka. “Kopuru hori baieztatuta dago. 7.000 biztanle baino gutxiago ditugun herri txikietarako sail horretatik gehienez 30.000 euro jasotzen ditugu obrako. Herriren batek atzera eginez gero, aurrera jarraitzen dugunok batzuetan hasiera batean esandakoa baino gehiago jartzen dugu”.
Hirigintzako teknikaria. Bestalde, hilabete honetan hasita, Juan Tomas Goiogana Izagirre udal teknikaria barikuetan egongo da udaletxean herritarrei hirigintza arloko zerbitzua eskaintzen, 09:30etik 14:00ra. Beragaz batzartzeko aurretiaz hitzordua hartu behar da udalera deituta (94-684 29 99).