Lea-Artibaiko lehen sektorea Markina-Xemeinen batuko da
Lea-Artibaiko Elikagaien eta Artisauen Eguna ospatuko da zapatuan [urriak 10], Markina-Xemeinen. Guztira, hamabost postu egongo dira.
Guztira hamabost postu egongo dira zapatuan [urriak 10] Markina-Xemeinen egingo den Lea-Artibaiko elikagaien eta artisauen azokan. 10:00etatik 15:00etara ospatuko da azoka, udal pilotalekuan.
COVID-19 pandemia dela-eta beharrezko segurtasun eta higiene neurriak hartuko direla jakitera eman dute. “Postuen artean beharrezko segurtasun distantzia mantenduko da eta higiene neurriak zainduko dira; besteak beste, ezin izango da produkturik eman dastatzeko”.
Guztira 12 ekoizle eta 3 artisau egongo dira, denak Lea-Artibaikoak: ahuntz gaztaren ekoizle bat, behi gazta ekoizle bat, Idiazabal gazta ekoizle bi, ezti ekoizle bat, ortuarien postu bi, ogi eta gozogintzako hiru, txerrikien postu bat eta hiru artisau.
Gogorarazi dutenez, ez da Urriko Azokarik ez eta jairik egongo, baina eskualdeko produktuak, ekoizleak, abeltzaintza eta gastronomia sustatzea helburu, azoka bat antolatu nahi izan dute. “Ekimen honen bidez, herritarrek aukera paregabea izango dute bertoko produktuak eskuratzeko eta ekoizleekin harreman zuzena izateko”.