Markina-Xemeingo I. Arte Eszenikoen Jaialdiko sarrerak salgai jarri ditu udalak
MARKArte jaialdia urrian hasiko da eta abenduan izango du jarraipena. Bi emanaldi egongo dira urrian.
Markina-Xemeingo Udalak salgai jarri ditu Markina-Xemeinen egingo den I. Arte Eszenikoen Jaialdirako sarrerak. Udalaren ekimenez antolatutako MARKArte jaialdia urrian hasiko da eta abenduan izango du jarraipena.
Bi emanaldi egongo dira urrian: Tartean Teatroaren Simplicissimus Kabaret, urriaren 16an, eta Ertza konpainiaren Zehar, urriaren 17an. Emanaldi biak udal pilotalekuan izango dira, 21:00etan, eta sarrerak 5 euro balioko du.
Jakitera eman dutenez, edukiera mugatua izango da, eta eserlekuak aurrez esleituta egongo dira, baina talde edo familia unitate bereko kideak elkarren ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira. “Talde batetik bestera segurtasun tarteak gordeko dira, eta maskara une oro ipinita eduki beharko da”.
Emanaldietarako sarrerak udaletxeko Berton bulegoan eskuratu daitezke 08:15etik 14:30era; txartelagaz ordaindu beharko dira.