Osasun arloko hitzaldiak emango dituzte Amoroton eta Mendexan
Maite Gonzalez Osa osteopatak emango ditu bariku arratsaldean, eta aforo mugatua dago.
Indartu zure sistema immunea izenburupean, hitzaldiak emango dituzte Amoroton eta Mendexan, bariku arratsaldean [urriak 9]. Biak ala biak herriko adineko elkarteek antolatu dituzte (Amorotoko Kurutz Ondo 3. Adinekoen Elkarteak eta Mendexako Goi-Alde Elkarteak).
Mendexako udaletxeko ganbaran 17:00etan hasiko dute saioa, eta Amorotoko Kultur Etxean, ostera, 18:30ean.
Immunitate sistema osasuntsu eta indartsu mantentzearen garrantziari buruzko bi solasaldiak Maite Gonzalez Osa osteopatak emango ditu eta parte hartzaileen zalantzak argitu eta galderak erantzungo ditu. COVID-19a dela eta egokia ikusi dute gai honi buruzko hitzaldiak antolatzea. “Interesgarria da jakitea gure defentsak zelan hobetu ahal ditugun eta produktu natutalak erabiliz, zelan aurre egin COVIDari”, esan dute Goi-Alde Elkartearen ordezkariek.
Antolatzaileek gogoratu dute, pandemia egoera honetan beharrezkoak diren segurtasun neurri guztiak beteko dituztela. Parte hartzaileak maskaragaz egon beharko dira, eta segurtasun distantziak mantentzeko aforo mugatua ezarri dute. Amoroton 25 pertsonako muga edukiko dute, eta Mendexan 19koa.