Udal egutegia osatzeko lehiaketa martxan dago Mendexan
Argazkilari ez profesionalei zuzenduta dago, eta urriaren 30a arte bidali ahal dira argazkiak.
Mendexako Udalak eta Leixarra Elkarteak udal egutegia osatzeko argazki txapelketa antolatu dute. Urriaren 30a [barikua] arte aurkeztu daiteke lehiaketara. Udalean utzi edo digitalki aurkeztekotan, helbide elektroniko honetara bidali behar dira: leixarraelkartea@gmail.com.
Parte hartzeko argazkilari ez profesionala izatea da baldintzetako bat. Horrez gain, aurretik argitaratu gabeko argazkiak bakarrik aurkeztu daitezke, parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ditzake. Argazkia non eta nondik atera den zehaztu behar da.
Argazkiak A4 tamainako paper fotografikoan edo bestela formatu digitalean badira, 10X12in/3.000X3.600 px-eko tamainakoak izan behar dira, eta beti ere, JPF formatuko artxiboak izan behar dira. Argazkien atzealdean ipini behar da izenburua, eta gutun-azal batean sartuta utzi behar dira udalean. Gutun-azalean egilearen izen-abizenak, aurkeztutako argazkien izenburuak eta paisaiak non dauden adierazi behar dira.
Argazkiak udalaren kultur ondare izango dira. Beraz, antolatzaileek aurkeztutako argazkiak erakusteko eta kopiatzeko eskubidea izango dute.
Epaimahaiak hautaketa prozesuaren edozein momentutan lanak deskalifikatu edo baliorik gabe utzi ahalko ditu honako arrazoi hauengatik: zalantzazko egiletza daukaten argazkiak izateagatik, pertsonen duintasunaren aurka egiten dutelako eta beste lan batzuen plagio edo kopia moduan hartzeagatik.
Epaimahaia azaroan batuko da argazkiak aukeratzeko eta ondoren erabakiaren berri emango dute udalaren web orrialdean. Lehen saria 100 eurokoa da, bigarrena 80 eurokoa eta hirugarrena 50 eurokoa. Epaimahaiak saririk ez ematea erabaki dezake.
Sariak abenduaren 25ean banatzea aurreikusi dute, urtero egiten duten argazki erakusketaren baitan.