35 bikotek lehiatuko dute Mutrikuko Pala Txapelketa
Urriaren 3an hasi zuten txapelketa, eta finalak abenduaren amaieran jokatzea aurreikusi dute. Maila oso altua dagoela nabarmendu dute antolatzaileek.
Asteburuan hasi zuten Mutrikuko Pala Txapelketan, eta datozen egunetan lehiatuko dituzte 2. jardunaldiari dagozkion partiduak.
35 bikotek izena eman dute aurten; 10 bikote daude 1.mailan, 16 bikote 2. mailan eta 9 bikote 3.mailan.
“Bigarrenean maila pixka bat igo da, eta horregatik, mutrikuar batzuk ez zuten izena eman, eta iaz 3. maila sartzea erabaki genuen. Iaz lau bikote egon ziren, eta aurten bederatzi. Horregatik ere pozik gaude. Badago jende bat 2. mailan jokatzeko mailarik ez daukagan, eta 3. maila horretan defenditu egiten dira”, azaldu du Jose Mari Manzisidor Danok Bat-eko kideak.
Oro har, iazko aldean bikote gehiagok izena eman dute; iaz 27 bikotek parte hartu zuten: “Koronabirusaren eragina igarri da; txapelketarik ia ez da egin, eta jendea gogoarekin egon da. Nabarmentzekoa da 1. mailan bikote pila batek izena eman duela, eta bikote oso onak etorri dira. Gipuzkoan eta Bizkaian dauden bikote onenetakoak daude. Bigarren mailan ere bikote onak daude. Orokorrean, maila asko igotzen ari da”.
1. mailan laupabost bikote dira faboritoak. “Iazko txapeldunak Xabi eta Garalde mutrikuarrak, eta finalista izan zen Jonpu amorotarra beste atzelari batekin ari da aurten. Zabala eta Unda Mungiakoak eta Zumarragako bikote bat ere badira faboritoak. 2. mailan Amorotoko bikote bat dago, aurreko urtean 1. mailan jokatu zuena, eta maila oso altua dauka”.
Egutegia. Ligaxka azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran bukatuko dute. Gero, fina-laurdenak eta finalerdiak lehiatuko dituzte, eta finalak, berriz, San Tomas inguruan jokatzea aurreikusi dute. Zapatu eta igande goizetan ez ezik, astelehen eta eguazten arratsaldetan jokatzen dituzte partiduak. “COVIDagatik asko atzeratzen ez bada, data horretan izango da”.
Aste honetan 2. jardunaldia egongo da jokoan. Ostiralean partidu bat, zapatuan lau, igandean bat eta astelehenean hiru eta eguaztenean bat.