Aurtengo Durangoko Azokan ez da salmahairik egongo Landakon
Azokaren berrikuntzak eta berezitasunak aurkeztu dituzte gaur [urriak 8]. Eta kartela ere aurkeztu dute: Ane Pikaza ilustrazaile eta aktore bilbotarrak egindako kartelak irudikatuko du aurtengo "ezohiko azoka".
Abenduaren 4tik 8ra egingo da 55. Durangoko Azoka, baina ezberdina izango da. Hasiera-hasieratik esan dute, aurtengoa “ezohiko azoka” izango dela. Berrikuntza nagusiena da aurten ez dela Landako Gunean salmahairik ipiniko. “Horren ordez, Durangoko Azokaren webgunean denda birtuala sortuko da, eta azokazaleek bertan erosi ahalko dituzte produktu guztiak, abenduaren 4tik 8ra”. Zehaztu dutenez, denda birtual hori izango da salerosketa gune bakarra.
Egitarauan ere aldaketak egongo direla esan dute. Hala, bost egunetan, Azokak bi espazio edukiko ditu: Landako Gunea eta Plateruena. Bi gune horietan diziplina esberdinetako ikuskizun eta ekitaldiak egongo dira: kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak… Aforoa mugatuta egongo da eta aldez aurretik erreserbak egin beharko dira. Egitaraua azaroan aurkeztuko dutela eta ekitaldietarako sarrerak eskuratzeko epea orduan zabalduko dutela esan dute.
Azokan parte hartu edota euren lanak saldu nahi dituzten sortzaileek gaurtik [urriak 8] aurrera izena eman ahal dute, doan
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak esan du “guztiontzako segurua den Azoka” antolatu nahi izan dutela, eta horregatik erabaki dutela denda bere osotasunean birtuala izatea eta kultur egitaraua presentziala izatea. “Hamaika egoera aurreikusi eta baloratu ditugu. Agian aukerarik errazena zen aurtengo azoka bertan behera uztea. Baina uste dugu kulturak inoiz baino gehiago behar duela Azoka”.
Sortzaileek izena emateko epea, zabalik. Azokan parte hartu edota euren lanak saldu nahi dituzten sortzaileek gaurtik [urriak 8] aurrera izena eman ahal dutela gogorarazi dute. Izen-ematea doakoa da, eta Mujikak gogorarazi du “euskal kulturaren erakusleiho erraldoi honetan” sortzaile guztientzat egongo dela lekua. “Azokak salmenten %12 jasoko du, kudeaketa eta logistika gastuei aurre egin ahal izateko.
Mujikak esan du Durangoko Azokak aurten erronka handi bat duela aurrean: “Azokak erakutsi du bere 55 urteko ibilbidean garai berrietara egokitzeko gaitasuna, eta aurtengoan ere hala egin beharko du, bere identitatea galdu gabe. Presentzialki ezinezkoa izango den arren, plaza digitala eskainiko dio euskal kulturari”. Gaineratu du azoka berrasmatzeko erabakia Azoka osatzen duten eragile, babesle eta parte hartzaileekin partekatuta hartu dela.
Pikazaren kartela. Bestalde, Ane Pikaza ilustratzaile eta aktore bilbotarrak egindako kartelak irudikatuko du 55. Azoka. Pikazak azaldu du kartela egiteko eskaera jaso zuenean “inpresio handia” egin ziola. “Urtero hurbildu izan naiz Azokara ikusle, entzule eta irakurle moduan. Aurten, ordea, handiagoa da erantzukizuna; Durangoko Azokak nigan sortzen duen emozioaren zati txiki bat zuei guztioi helarazten saiatu naiz”.
Kartelean diziplina guztiak agertzen dira. “bizitzen ari garen egoera girsiean kultura gure bizitza lortzen duen taupada izateaz gain, etengabeko eraikuntzan eta sorkuntzan dagoen bihotza garela irudikatu nahi izan dut. Eraikuntza horretan guztion partaidetza da ezinbestekoa”.