Banakako Urrezko Aizkoraren finala jokatuko du Ugaitz Mugertzak
Azpeitiako Izarraitz Pilotalekuan izango da finala, zapatua arratsaldean [urriak 10]. Ugaitz Mugertza mutrikuarragaz batera, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi eta Jon Rekondo aizkolariek lehiatuko dute finala.
Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa-Eusko Label Saria 2020 finalean txapeldunorde geratu zen Ugaitz Mugertza, martxoan, eta orain, banakakoaren finala lehiatuko du. Aizkolari mutrikuarrarentzat banakako finala jokatzen duen lehen aldia da.
Azpeitiako Izarraitz Pilotalekuak hartuko du Banakako Urrezko Aizkoraren finala, zapatuan [urriak 10], 18:30etik aurrera. Lau aizkolariren artean erabakiko da txapelketa; Mugertzagaz batera, Mikel Larrañaga azpeitiarrak, Julen Alberdi Txikia IV azkoitiarrak eta Jon Rekondo leitzarrak lehiatuko dute finala.
Bost izakeratan neurtuko dituzte indarrak. “Lehenengo, horizontalean enbor bat zeinek azkarren moztu egingo dugu, eta gero, bertikalean. Jarraian, enbor handiagoa azkarrera ere bai. Laugarren proban, enbor bat zutik eta segidan beste enbor bat etzanda. Eta bosgarren proban lau enbor segidan moztuko ditugu”.
Mutrikuarraren helburua “ahalik eta lan onena” egin, eta azken postuan ez geratzea da. Izan ere, bi faborito argi daude: “Helburua ez da irabaztea. Batez ere Larrañaga eta Txikia hor egonda, oso zaila ikusten dut hor aurrean sartzea. Azken postuari ihes egingo banio, gustura”. Urriaren 24ean hasiko dute aizkolariek euren Euskal Herriko Txapelketa, eta harako prestaketa modura hartu du zapatuko finala. “Harako sentsazio onekin irtetzeko eta harako entrenamendu on bat da. Helburua beti da ahalik eta goren egotea”.
Aurtengo egoeraren ondorioz, elkarren kontra indarrak neurtu barik luzaroan daude aizkolariak, eta beraz, norberak zein aurkariak zein mailatan dauden ikusteko unea dute. “Ez gara ikusi inon, eta ez da erraza jakitea ze puntutan gauden orain. Txapelketara begira entrenamendu moduan aprobetxatuko dut, eta baita nire sentsazioak ikusteko eta ni eta besteak zein momentutan gauden ikusteko ere”.
COVID-19aren ondorioz, kanporaketarik ez da egon, eta binakako txapelketaren finaleko sei aizkolarietatik lauk lehiatuko dute banakakoarena. Zehatz esateko, txapeldun eta txapeldunorde geratu ziren lau aizkolariak dira banakakoaren finalean ariko direnak.