Gripearen aurkako txertaketa batzuk Txomin Agirre ikastolan egingo dituzte
Ondarroako Udalak zehaztu duenez, urriaren 13tik 20ra bitartean (bi datak barne) Ondarroako Osasun Zentroan egin behar ziren txertaketak dira Txomin Agirre ikastolaren eraikinean egingo dituztenak.
Urriaren 13an hasiko da gripearen aurkako kanpaina. Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen osasun etxeetan jende pilaketak saihesteko, herri batzuetan eraikin publikoetan egingo zirela txertaketak. Bide horretatik, Ondarroako Udalak jakinarazi du urriaren 13tik 20ra bitartean (bi datak barne) Ondarroako osasun etxean egin behar ziren txertaketak Txomin Agirre ikastola zegoen eraikinean egingo direla.
“Osasun Zentroak, udalaren laguntzagaz, Gotzaitegiaren baimena lortu du ikastolako zenbait gela txertaketak egiteko erabiltzeko. Herritarrak osasun zentroan batzea baino hobeto ikusi dugu eremu zabalago batera jo eta pilaketak saihestea; Txomin Agirre ikastolaren eraikinak aukera bikaina uzten digu horretarako”, esan du Eneritz Basurko Pagoaga alkateordeak.
Esan dutenez, txertoa jartzera doazenak ikastolako jolastokitik sartu beharko dira: “Beheko solairuko gela batean jarriko dira txertoak, eta ondoren beste gela batetik atera, jendea ez gurutzatzeko”. Udalak eta osasun zentroak azpimarratu dute garrantzitsua dela ilaran daudenek distantzia mantentzea eta maskara ondo jantzita edukitzea: “Euria dagoenerako ikastolaren eraikinak aterpea ere badauka, eta hori garrantzitsua da zain dagoen jendearentzako”.