Jon Kobeaga: "Herri batzordeek egindako lanari esker egingo da Euskaraldia"
Bigarren Euskaraldia gauzatzeko aste batzuk falta badira ere, motorrak martxan jarrita daude. Ariketan parte hartzeak eta ariketak berak dakarrenaz hitz egin du Jon Kobeaga lekeitiarrak.
Azaroa gero eta hurbilago dagoela eta, giroa berotzen doa?
Bai, gero eta hurbilago dugu Euskaraldiaren bigarren ekitaldia. Aurten azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dugu ariketa, eta, uda ostean, Euskaraldia antolatzeaz arduratzen diren herri batzordeak etengabe lanean dabiltza. Oraingoan ere eskertzekoa da euskalgintza ematen ari den erantzuna.
Entitateek izena emateko epea amaituta, zer nolako erantzuna egon da?
Aurtengo berritasun nagusia entitateen parte hartzea izango da. Belarriprest eta Ahobiziok ariketa erosoago egiteko, Ariguneak, euskaraz lasai aritzeko guneak sortu dituzte hainbat entitatek. Eragin zabala izan du deialdiak, bai Euskal Herri mailan eta baita eskualdean ere. Bizi dugun egoerak zenbait oztopo jarri badizkigu ere, jendea gogoz aurkitu dugu lanerako, eta hori emaitzetan nabaritu egin da. Lea-Artibain ere entitate zerrenda ederrak eman du ariketan parte hartzeko urratsa, enpresa handi zein herri mailako elkarteek parte hartuko dute. Beraz, balorazio positiboa egin behar dugu.
Izen emateei dagokienez, koronabirusa ez da oztopo izan. Baina, zertan zaildu du prozesua? Ariketa bera ere baldintzatuko duela uste duzue?
Euskaraldiaren antolaketa lanetan ere geldialdia eragin zuen koronabirusak. Martxoan herri batzorde asko lanean zeuden jada, eta beste asko lehen urratsak ematen hasita zeuden, eta momentuan batzordeen aktibitatea etetea oztopoa izan zen. Hala ere, berriz elkartzeko aukera eduki dutenean berehala aktibatu dira. Eta beraiek egindako lanari esker Euskaraldiaren bigarren edizioa egitea posible izango da. Euskara berriz erdigunean kokatzea eta hizkuntza ohiturak aldatzea beharrezkoa da orain ere, eta, beraz, Euskaraldia egin egingo zela ez genuen momentu baten ere zalantzan jarri. Enpresen kasuan ez dira euskararen gaiari heltzeko garairik onenak, baina askok urratsa ematea erabaki dute, eta benetan eskertzekoa da egiten ari diren ahalegina.
Beraz, herri batzordeen lana asko eskertzen duzue…
Ezinbestekoak dira Euskaraldia Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzeko, ezinezkoa izango litzateke mota honetako planteamendu bat aurrera eramatea herri batzorderik gabe. Eskertza eta aitortza hitzak besterik ez ditugu beraientzat.
Ariketa entitateetara zabaltzeak zer ekarriko du?
Ariketaren eragin eremua zabaltzea eta ariketa lasaiago egin ahal izateko espazio berriak sortzea. Euskaraldiaren oinarrian Belarriprest eta Ahobiziak daude, eta Ariguneak ere Belarriprest eta Ahobiziz osatuta egongo dira. Mota guztietako entitateek parte hartuko dute ariketan: kultur eta kirol elkarteek, komertzio txikiek, ostalaritzak, erakunde publikoek, tamaina eta sektore desberdinetako enpresek…
Horrelako ariketa bat aurrera eramaterakoan, arnasgune izateak mesede baino kalte gehiago egiten du? Gehiago lasaitzen gara inguruan euskaraz hitz egiten dela iritzita?
2018ko ariketan lortutako emaitzek eskualdeko jendarteak ariketagaz bat egin zuela erakutsi ziguten, eta aurtengoan ere ia herri denetan sortu dira herri batzordeak. Jendeak ondo ulertu du zein den ariketaren helburua, eta badakigu geuk ere badaukagula zer hobetu, beste leku batzuetan baino gutxiago bada ere. Euskaraldiak neurri batean bada ere, eskualdeko euskalgintza berraktibatzea lortu du, baina Euskaraldia bi urtetik behin izaten da. Badakigu Euskarari dagokionean eremu pribilegiatu batean bizi garela, baina, zoritxarrez, gure eskualdea ez da isla bat. Hemen ere aldaketak gertatzen dira, eta euskalgintza aktibo eta antolatua behar dugu etorkizuneko erronkei erantzuteko. Euskaralditik haratago, egitura euskaltzale egonkorra behar dugu eskualdean, bertotik eta berton eragiteko anbizioa izango duen egitura propioa.
Zeintzuk dira aurtengo erronka handienak?
Erronka handiena rolak ondo ulertaraztea izango da. Rolak ez daude ezagutzagaz lotuta, jokaeragaz baizik. Ahobiziek lehen hitza beti egingo dute euskaraz, eta elkarrizketa elebidunetan euskara mantenduko dute, beti ere komunikazioa bermatzen bada. Belarriprestek ordea, beraiek aukeratuko dute noiz egin euskaraz, baina beraiei euskaraz egiteko gonbitea luzatuko diete besteei. Rol bat edo bestea aukeratzeko orduan, beraz, gure hizkuntza ohiturak aztertu eta zertarako prest gauden erabaki beharko dugu.
Nola animatuko zenituzke herritarrak Euskaraldian izena ematera?
Norbere hizkuntza ohituren inguruko kontzientzia hartu eta hauek aldatzeko aukera ederra da Euskaraldia. Denok daukagu zer aldatu edo zer hobetu. Euskaraldiak iraungo duen hamabost egunetan, norbere hizkuntza ohiturak aldatzeak gure ingurukoengan ere eragina izango du, euskaraz lasai aritzeko guneak sortuko ditugu denon artean. Ariketak hamabost egun iraungo baditu ere, erronka ohitura horiek denboran mantentzea izango da.