Kameratoia Internet bidez egingo da aurten
Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak antolatzen duten euskarazko ikus-entzunezko rally-a azaroaren 13tik 15era ospatuko da.
Azaroaren 13tik 15era ospatuko da aurten Lekeitioko Euskal Zine Bilerak Euskaltzaleen Topaguneagaz elkarlanean antolatzen duen Kameratoia ikus-entzunezko rallya. Urte honetan Internet bidez egingo da dena, beraz, parte hartzaileak ez dira Lekeitiora joan beharko, film laburra nahi duten tokian grabatu ahalko dute. Antolatzaileek gaia eta ezaugarriak emango dizkiete parte hartzaileei, eta 36 ordutan grabatutako film laburra muntatu eta posta elektroniko bidez bidali beharko dute.
Aitor Arregi zinemagile ezagunak, La Trinchera Infinita, Loreak eta Handia film entzutetsuen zuzendariak, gidatuko ditu parte hartzaileak eta masterclass berezi bat eskainiko die. Iazko Euskal Zine Bileran film onenaren saria irabazi zuen Izibene OƱederra (Lursaguak) ariko da, Arregigaz batera, rallyko lanak epaitzen.
2017tik Lekeitioko Zine Bilera jaialdiaren barruan ospatzen da Kameratoia, eta oraingoan ere, jaialdiaren barruan ospatuko da lehiaketa eta jaialdiaren azken egunean iragarriko dira saridunak. Kameratoian aurkeztutako film guztiak Euskal Zine Bileraren webgunean egongo dira ikusgai, eta ikusleek euren botoa emateko aukera edukiko dute.
1.600 euro daude jokoan. Film labur onenak 1.000 euroko saria eramango du eta DemaSA lehiaketarako eta Laburbira zirkuiturako sailkatuko da. Bigarren saria 600 eurokoa izango da, eta boto gehien jasotzen dituen filmak ikuslearen saria eramango du, 100 euro eta Lekeition asteburu bat.
Azaroaren 22an emango dute jakitera irabazleak zeintzuk diren zinebilera.eus webgunean emango den sari banaketa ekitaldian.
Rallyan parte hartu nahi dutenek Kameratoiaren webgunean eman ahalko dute izena azaroaren 7ra bitartean.