Ondarroako nanoipuin lehiaketara lanak aurkezteko epea zabaldu dute
Lanak aurkezteko azken eguna urriaren 15a da. Hiru sari emango dituzte: 400 eurokoa, 200 eurokoa eta 100 eurokoa.
Ondarroako Udaleko Euskara Batzordeak IX. Nanoipuin Lehiaketa abiarazi du. Lanak aurkezteko azken eguna urriaren 15a da. Idatziek gehienez ere 140 karaktere (espazioak barne) eduki behar dituztela gogorarazi dute.
Lehiaketan edozeinek parte hartu dezakeela azpimarratu dute. «Ez dago adin mugarik». Hori bai, parte hartzaile bakoitzak gehienez bi nanoipuin aurkeztu ahalko ditu, eta biak bidalketa bakar batean bidali beharko ditu posta elektronikoz (mrey@ondarroa.eus). Lanak ezizenez sinatu behar dira, baina posta elektronikoan egilearen izen-abizenak, nortasun agiri zenbakia eta telefono zenbakia zehaztu beharko dira.
Ana Urkiza eta Leire Bilbao idazle ondarrutarrek osatuko dute epaimahaia, eta euren gain egongo da kontakizunik landuenak zeintzuk diren erabakitzeko ardura. Hiru sari emango dituzte: 400 eurokoa, 200 eurokoa eta 100 eurokoa.