Arrakastatsua izan da 'Mi pequeño gran samurrai' film laburraren proiekzioa
Filmak harrera ona eduki du. Lau emanalditan banatuta, 600 lagun inguruk ikusi duten Arantza Ibarra zinemagile ondarrutarrak zuzendutako lana.
Ekai Lersundi Martinez ondarrutar gaztearen bizitzari buruzko Mi pequeño gran samurai film dokumental laburra Ondarroako Bide Onera zinema aretoan proiektatu dute. Hainbat jaialditan proiektatu ostean, herrian estreinatu zuten zapatuan [urriak 10], arrakasta handiagaz. Proiekzioagaz pozik geratu direla azpimarratu dute Ekai Lersundiren gurasoek. “Urduri egon baginen ere, oso ondo joan zen dena. Egia esan, antolakuntza lanetan lagundu ziguten sekulako taldea batu ginen, eta denak ondo irten zuen”.
Filmak harrera ona eduki zuen. Lau emanalditan banatuta, 600 lagun inguruk ikusi zuten Arantza Ibarra zinemagile ondarrutarrak zuzendutako lana. Publikoak ondo erantzun zuen, txalo zaparrada handiagaz, eta bertaratutako guztiak pozik ikusi zituztela esan dute antolatzaileek. “Jendea gustura ikusi genuen. Askok, negarrez ere irten zuten aretotik”. Izaskun Arandia Izar films ekoiztetxeko arduraduna ere bertan egon zela gaineratu dute. “18:00etako emanaldian egon zen, eta gero laguntzen geratu zen”.
Proiekzioa, gainera, Aingeru Mayorren Transitos liburua saltzeko ere aprobetxatu zuten. Bertan 25 testigantza jaso dituzte, tartean, Ana Martinezek Ekairi buruz idatzitakoa. “Guk ale bat erosi dugu, eta egunotan Txomin Agirre udal liburutegiari emango diogu dohaintzan. Nahi duenak bertan irakurri ahal izango du”.