Geoparkearen urteurren jaialdiak kresalez busti du Mutrikuko moila
Udalak jaialdiari buruzko balorazio positiboa egin du. Zapatuan moilan egin ziren ekintzetan nahikoa jende batu zela esan dute. Batel tradizionaletan nabigatzeko irteerek, esaterako, arrakasta handia eduki zuten.
Goizean, esaterako, eguraldiak askorik lagundu ez bazuen ere, Merkatu Txikia egin zuten. Eguraldi txarra zela eta, goiz partean “giro nahikoa tristea” egon zela esan dute Mutrikuko udal iturriek. Baina hasieran ez zirudien arren, 11:00ak aldera atertu, eta jendea eguerdi parterako moilako postuetara hurreratzen hasi zen. Erakusmahaiak ipini zituzten ekoizleek, oro har, ondo saldu zutela agertu dute.
Itsas ondarearekin lotutako ekintzek ere arreta berezia bereganatu zuten. Itsasontzi tradizionalen erakusketa egin zuten, eta, tartean, Beduola elkarteko berreskuratzen ari dien Hiru Anai batelaren berreskuratze lanak zuzenean ikusteko aukera egon zen. Herriko Arku Gain elkarteko kideek ere parte hartu zuten jaialdian. Herriko arrantza tresna zaharrak eta baxurako arrantzan herrian erabili izan diren hainbat tresna erakusgai jarri zituzten. Amugileek amuak zelan egiten zituzten erakutsi zieten bertaratu zirenei, eta garai bateko aparejuen erakustaldia ere egin zuten, herriko lanbide bat balioan jartzeko asmoarekin.
Arratsaldean egin ziren ekintzei dagokienez, Arrietakua Jauregira egin ziren bisita gidatuetan plaza guztiak bete ziren, eta Iturri eta Patxuelas batel tradizionaletan nabigatzeko txandak ere arrakasta handia izan zutela agertu dute. “Batelek zortzi joan-etorri egin zituzten portuko uretan barrena”.
Mutrikuko udal iturriek jaialdiari buruzko balorazio positiboa egin dute. “Jaialdia oso polita izan zen. Jende asko hurbildu zen, gehienak herritarrak, baina baita kanpoko batzuk ere”. Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzailearen esanetan, gainera, ondare kulturala balioan jartzeko jaia izan zen zapatukoa. “Ondare kulturala balioan jarri eta herriko ohiturak gordetzeko asmoarekin, hiru herriak lotzen dituen itsasoa hartu dugu hizpide Geoparkearen 10. urteurrena ospatzeko. Hamarkada honetan Geoparkeak indarra bermatu du, besteak beste, herriko jendeari esker, eta jaialdia ere horregatik antolatu dugu, herriak gozatu dezan”.