Mijoa errekan beste isurketa bat egon dela salatu dute, aurtengo seigarrena
Eguzki erakunde ekologistako kideak kexu dira, eta errekaren egoerak marka guztiak gainditu dituela diote. Beste hainbatetan modura, isurketaren jatorria Mijoako araztegian dagoela esan dute.
Mutrikuko Mijoa auzoko bizilagunek salatu dutenez, beste isurketa bat egon da errekan. Isurketa bariku [urriak 9] arratsaldean izan zen. Agertu dutenez, erreka erabat zuritu egin zen, eta oso osain txarra zetorren bertatik. Eguzkik ere gogor salatu du ekintza. Erakunde ekologistako kideak kexu dira, eta errekaren egoerak marka guztiak gainditu dituela diote. Izan ere, barikukoa aurtengo seigarren isurketa izan zela nabarmendu dute. “Guk dakigunez, gutxienez, sei isurketa egon dira”.
Azpimarratu dutenez, behin eta berriz errepikatzen den gertakaria da, eta egoerarekin “nazkatuta” daudela diote. “Isurketak Mijoan ohiko gauza bihurtu dira”. Eta arazoa konpontzen ez den bitartean, horri irtenbidea emateko ahalegina egiten jarraituko dutela berretsi dute.
Beste hainbatetan modura, isurketaren jatorria Mijoako araztegian dagoela diote. Erakunde ekologistako kideen iritziz, industriagunean dagoen kontserba enpresetako ur zikin industrialak garbitzeko araztegia txikiegi geratu da, eta “hortik dator arazoa”. Egoerari irtenbide bat emateko garaia badela uste dute. “Egun kontrolik gabeko egoera bat ematen dela esan dezakegu. Isurketak kalitatezkoa behar lukeen natura ingurunearen suntsiketa eragin dute, baina horretara iristeko Mijoako lantegien jabeen harrokeriaz gain, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren axolagabekeria eta komenentzia ere ezinbestekoak izan dira”.